Biteri Kultur Etxea hobetzea da Udalaren asmoetako bat, eta gainera, herritarren babesa daukatela argi geratu zen 2016ko aurrekontu partehartzaileetan, hernaniarren artean aukeratutako proiektutako bat izan zenean. Lan horri ekin diote ordutik, eta aurreko astean eman zuten berrikuntzen berri, bilera informatiboan.
Plangintza bat, hasteko
Hernani Erabaki 2016 prozesuan egokitutako diru-sarrera nola inbertitu jakiteko, 2-3 urteko plangintza bat osatu zuten aurrena. Horretarako, KULTIBA aholkularitza zerbitzuaren laguntza izan zuten. Bitartean, plangintza osatzeko ere, erabiltzaileekin hainbat elkarrizketa izan zituzten, eta hala zehaztu zituzten beren beharrak eta Biteriren asmoak zeintzuk ziren.
Hala, aurreneko urtean «erabiltzaileek gehien erabiltzen zituzten sistemak berritu» zituzten, arduradunek azaldu dutenaren arabera: bideoa eta proiekzio sistema berritu zituzten, baita kabinako lehenengo txukunketa egin ere. Ondoren, kanpoko profesionalek erabiltzen dituzten txokoak hobetu zituzten: barak aldatu eta bizitzako lerroak jarri ziren.
Takilak jarri dituzte, lokalik gabeko taldeek erabiltzeko.
Aldaketa gehiago, 2017an
2017an egin dira, ordea, aldaketa potenteenak. Alde batetik, kulturarako argi, soinu eta produkzio teknikari zerbitzua kontratatu da, eta hainbat aldaketa egin dira areto nagusiaren publikoaren zonaldean. Hain zuzen: aforoa haunditu egin da, 171tik 210-216ra pasa da, hau da, 43 butaka gehiago daude; eta gainera, aulki erosoagoak jarri dira, biltzeko aukera daukatenak hauek ere, aretoa hutsik utzi ahal izateko.
Horrez gain, sukalde gela berritu eta proiektorea jarri dute; ikastaro gela margotu eta txukundu da; argazkilaritza laborategia eta estudioa bilera gela bihurtu dira; eta azkenik, goiko pisuan zegoen dantza-gela ere bilera-gela bihurtu dute.
Berrikuntza gisa, takilak jarri dituzte, lokalik gabeko taldeentzat.
Azkenekoak 2018rako
Horiekin guztiekin ez da, ordea, plangintzarekin bukatu. 2018rako utzi dituzte areto nagusiaren atzekaldea: zine pantaila, akustika...