«Lau urterekin atera nintzen aurrenekoz, eta gaur arte, behin bakarrik huts egin dut»

Kronika - Erredakzioa 2018ko ots. 3a, 01:00

Lapiko eta zartagiak hartuta, dozenaka lagun abiatuko dira gaur, gaueko 21:00etan Elur Txori elkartetik, kaleak kolpe hotsez eta kantuz betetzera: «eguraldi ona bada, 200 edo 300 lagun inguru izan gaitezke; eta bestela, txarra eginez gero, 100 baino gehiago elkartuko gara behintzat», dio Josu Lope­zek, kaldereroen konpartsaren zu­zen­dariak. Izan ere, elkartean aurretik egingo duten afarian, 19:30etan, 100dik gora lagun elkartuko dira.
Ia 20 urte daramazki berak, konpartsako zuzendari bezala. Askoz ere gehiago dira, ordea, kaldereroetan ateratzen dara­mazkienak: «badaukat argazki bat, aurreneko aldiz atera nin­tzenekoa. Amak esaten dit lau urte neuzkala. Eta ordutik, gaur arte, behin bakarrik huts egin dut, nire aita hil eta hurrengo urte­an», dio Lopezek.

«Amaren etxe aurrean abesten dugun momentua da hunkigarriena niretzat»
Etxetik jaso zuen berak, kalde­reroak bizitzeko grina: «aita dama bezala atera zen kalde­reroen aurreneko urtean, eta gerora, ingudearekin ere bai. Amak, berriz, dama eta erre­ginak jantzi eta apaintzen ditu urtero, aurreneko urtetik».
Horregatik, beraiei eskain­tzen diete kaldereroek, geldi­al­dietako bat: «elkartetik atera eta aurreneko parada, amaren etxe aurrean egiten dugu, ama eta aitaren omenez abesteko. Niretzako, momentu bereziena eta hunkigarriena izaten da».

Nork ekarri zituen kaldereroak Hernanira?
1961an izan zuen estreinakoa, Elur Txoriko kaldereroen kon­partsak: «uste dugu, elkarteko kide batzuek Donostian lan egi­ten zutela, eta beraiek ekarri zutela kaldereroak egitearena. Gainera, Francoren garaian, elkarteek herriarentzat zerbait antolatu beharra zeukaten, ez pentsatzeko elkartea ezer poli­ti­koa zenik», dio Lopezek.
Ordutik, urte batzuetan ez da atera konpartsa, baina ez dute galdu ohitura, belaunal­diz belaunaldi: «bazkide batzu­ek, txikitatik ezagutu dugunok, zerbait oso gurea bezala sen­ti­tzen dugu, bizi egiten dugu».
Baina ez bazkideek baka­rrik. Herritar asko dira zita gorriz markatuta daukatenak: «ate­ra­tzen garenon hamarrena izango gara bazkideak. Orain, gero eta gehiago, haur asko etortzen dira. Gaurko afarian adibidez, erdia haurrak izango dira, pentsa!».
Izan ere, orain eskolan ikas­ten dituzte kaldereroen abes­tiak. Eta horrek ere eragin du kaldereroetan: «euskeraz ikas­ten dituzte orain, eta horre­ga­tik, 2002an pasa ginen gazte­laniaz kantatzetik euskeraz kantatzera».
Urte guzti hauetan ze­har, beste elkarte batzuekin batera ere atera izan dira Elur Txori­koak, kaldererotan; eta baita herriko abesbatzekin ere.

«Eguraldi onarekin eta jendea animatzen bada, Plazakoa ikusgarria izaten da»
Aldatuko ez dena, ibilbidea izango da, gaurkoan behintzat. Josu Lopezen amaren etxe aurrean kantatu ondoren, San­di­us­terriko atarira hurbilduko dira, eta bertan ere abestuko diete, egoitzan daudenei. Han­dik Plazara jaitsiko dira gero, eta Andrekaletik behera, Atxur parean egingo dute hirugarren geldialdia: «Antonio Fernandez Pasiegori kantatzen diogu ber­tan, kaldereroen konpartsako zuzen­dari izan zenari».
Laugarren omenaldia, Juan Olanori egiten diote, Andreka­le­ko 62garren portalean kan­ta­tuta. Handik Plaza Berrira jo­ko dute, bosgarrenez kan­ta­tze­ko, eta Kale Nagusitik, Plazara igoko dira. Orduan, damak eta erregina igoko dira udaletxeko balkoira, diskurtsoa irakur­tze­ra. Eta abesti guztiak kanta­tu­ko dituzte kaldereroek, Plazatik: «eguraldi onarekin eta jendea animatzen bada, ikusgarria izaten da Plazakoa. Momentu berezia da».
Bereziki jendetsua gogora­tzen du Lopezek, 50garren urte­­urrenekoa, 2011n: «izugarri jen­de pila elkartu ginen. Gogora­tzen naiz, ni zuzendari bezala Onddi pasata, Peña inguruan nengoela, eta azkenekoak Zu­mi­tza baino beherago. 400 la­gun izango ginen akaso! Nire­tzat, gainera, oso berezia izan zen. Gasteizen bizi den arreba ere etorri zen, eta ilobek au­rre­neko aldiz ikusi zituzten kal­de­reroak», kontatu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!