Aurreko ostiralean, urtarrilaren 12an, Donostiako Tabakaleran elkartu zituzten makina bat ikasle, Mondragon Unibertsitateak antolatuta. Batxilergoko bigarren mailakoak ziren denak, eta ekonomia ikasten ari direnak. Horien artean izan zen Eider Tolosa hernaniarra, Andoaingo Aita Larramendiko ikaskideekin batera.
Gazte Got Talent lehiaketa egin zuten bertan, eta «ezustean», finalera iritsi zen hernaniarra, Aita Larramendiko hiru ikaskiderekin batera: Mara Lasa, Ainhoa Mujika eta Isune Perales. «Ez genuen horrelakorik espero; aurretik ez genekien ezer, eta han bertan azaldu ziguten dena, lehiaketari buruz», azaldu du Tolosak.
‘Buatxabal’ arropa marka gazteei saltzeko, plana
Tabakaleran elkartu ziren ikasleak, hiru edo lau laguneko taldeetan banatu zituzten, lehiaketarako. Eta talde bakoitzak, aukeratutako marka edo produktua saldu behar zien, 14 eta 20 urte bitarteko gazteei. Hiru arlo edo sektoretako marka eta produktuak zeuzkaten aukeran: moda, kirola eta kultura. Eider Tolosaren taldeak moda aukeratu zuen, eta modako marken artean, Buatxabal.
Behin hori aukeratuta, helburua zen plan bat osatzea, ekintza ezberdinekin, adin tarte horretako gazteei saltzeko baliagarria izango zena: «ahalik eta ondoen saldu behar genien produktua gazteei; eta horretarako, guk pentsatu genuen meetingak eta festak antolatzea, iragarki bidez zabaltzea, influencerren laguntza lortzea, laguntzaileak eskatzea kostuak murrizteko... Gustora aritu ginen», kontatu du hernaniarrak.
Saria, Madrilera edo Bartzelonara bidaia
Guztira, bederatzi talde lehiatu ziren: Andoaingoak sei, eta Lazkao, Zumaia eta Leioako bana. Eta horietatik, lau sailkatu ziren finalerako: Lazkao, Zumaia eta Leioako taldeak, eta Andoaingo bakarra, Tolosarena. Lau talde horietako bat izango da irabazlea, eta sari potoloa jasoko du: Madrilera edo Bartzelonara bidaia, eta kontzertu baterako sarrerak. Horretarako, YouTuben jarri duten bideoari (355tarrak du izenburua) botoa eman behar zaio, edota Gazte Got Talenten sare sozialetan, Facebook, Twitter eta Instagramen bozkatu, otsailaren 12ra arte.
Lehiaketarekin, bilatu dute ikasleek ideiak sortzea, enpresa erreal batek normalean ebatzi behar dituen arazoei aurre egiteko. Sormena eta hartzailearengan eragiteko gaitasuna baloratu dituzte.