Istripua izan zuten aurreko astean Marta Igarriz preso hernaniarraren hiru senidek, Castello I espetxetik bueltan zirela. Horren bueltan, adierazpen instituzionala adostu dute EH Bildu, EAJ eta Orain Hernani udal taldeek, eta prentsaurrekoan jakinarazi zuten, atzo.
Etxerat Elkarteko Urtzi Errazkin eta Patricia Velezek irakurri zuten, eta bertan izan ziren EH Bilduren izenean, Luis Intxauspe alkatea; EAJren ordezkari Andoni Amonarraiz; eta Jaione Aristregi, Orain Hernaniren bozeramailea.
Etxerat Elkarteak deituta atzo egin zuten kontzentrazioarekin bat egin zuen Udalak.
Lau puntu
Etxerat Elkartearen testuak egoeraren irakurketa egiten du, eta besteak beste, dio: «urruntze-politika honek ez du zentzurik eta ez dio mesederik egiten preso diren pertsonen errotze-sozialari, euren senide eta lagunak kaltetuak direlarik. ETAren behin betiko etenaren ondoren, bere armagabetzea barne, egoera hau luzatzeak ez du inolako zentzurik».
Hori dela eta, Etxeratek dio: «oinaze guztiak kontuan hartzeko unea da, pertsona guztien giza eskubideak errespetatzeko eta etorkizun hobeago bat eraikitzeko momentua, urrunketari amaiera emateko ordua da. Senideen sufrimenduarekin amaitzea beharrezkoa da».
Horregatik guztiagatik, Udalak zera adierazi du: aurrena, «bere kezka eta elkartasuna» azaldu ditu «Marta Igarriz preso hernaniarra bisitatzetik zetozen 3 senide hernaniarrek izandako istripuaren larritasunaren aurrean»; bigarrena, «eskatzen du urrunketa politikaren desaktibazioa»; atzo Etxerat Elkarteak deitutako kontzentrazioarekin bat egin eta herritarrei parte hartzeko deia egiten du hirugarren puntuak; eta laugarrena, «Udalak Erakunde Adierazpen honen berri emango dio Estatu espainiarreko Gobernuari eta gizarteari».