2007an farmazia hartu zutenetik, bigarrenez egokitu zaizkio gaueko guardiak Urbieta kaleko Castilla-Larburu farmaziari, eta horrekin, «24 orduz irekiko dugu urteko ia egun guztietan».
Izan ere, astean zehar 09:00etatik 22:00etara irekitzen dute egunez, eta larunbatetan, goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:30etara. Gaueko txandak, ordea, gaueko 22:00etatik goizeko 09:00etara izaten dira.
Langileetako bat, aurreko txandatik ezaguna
Oraingo honetan ere, Marian Arbaizar, Mar Santamaria eta Yolanda Caro arduratuko dira gaueko txandetaz; horietako bat, gainera, dagoeneko izana da Castilla-Larburu farmazian, beraz, «oso erreza izan da lekualdaketa», arduradunek azaldu dutenaren arabera.
Gaueko 22:00etatik goizeko 09:00etara luzatzen dira gaueko txandak.
Urgentziak eta farmazia, herri berean
Hernani-Astigarraga-Urnieta zonaldeko farmazia izango da, hain zuzen, Castilla-Larburu, gauero: «urgentzietako anbulategia eta farmazia herri berean egotea da helburua, eta anbulategia Hernanikoa denez...», diote Castilla-Larburu farmaziko arduradunek.
Izan ere, gaueko zerbitzua larrialdietarako dela esan ohi da: «anbulategitik zuzenean etortzen dira errezetarekin». Baina ez hori bakarrik, «nork daki larrialdi bat zer den?; batzuentzat txupete bat izan daiteke eta beste batentzat, sukarra jaisteko zerbait!».