Turroiak prest... badator Olentzero!

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 23a, 01:00

Ondo girotuta iritsi dira Ga­bo­nak Goizuetara! Aurreko asteburuko bi zitekin, bereziki. Batetik, turroi eta mazapanak egiten ikasi zuten, Azaro Kul­tu­ralaren barruan, Bidatz Ba­rrenetxea hernaniarrak eskaini zuen tailerrarekin. Gustora asko aritu ziren, bertaratutako 9 herritarrak, Eskolako sukaldean saltsan; eta Cebank su­kal­daritza-hostalaritza esko­lako irakaslearen eskutik, ikasi zu­ten mazapanak, turroi gogorra eta turroi biguna nola egin.
Beraz, Gabonetako otorduetan, etxean egindako gozoak izango dituzte aurten zenbaitek, Goizuetan!
Eta kantarik ere ez da faltako, noski! Horretatik ere izan zuen, aurreko asteak: Umo­re Ona abesbatzak eta herriko gaz­tetxoek, Gabone­tako ema­nal­­dia eskaini zuten elizan, eta afari ba­ten bueltan borobildu zuten eguna.

Olentzerorekin, hiru zita
Gabon giro hori ikusita, desia­tzen egonen da Olentzero, Goi­zueta­ra etortzeko! Bihar iritsiko da: arratsaldeko 18:30etan sartuko da herrian, eta Plazan edo frontoian eginen du geldialdia, haurrekin egoteko. Gu­tunak jaso, eta goxokiak banatuko dizkie.
Goizean, hala ere, Olentzero hartuta aterako dira kantuan Eskolako haurrak, 11:00ak alde­ra, DBHkoentzat dirua biltzeko; eta hamaiketakoa ere eginen dute elkarrekin. Arratsaldean, berriz, presoen aldeko Olen­tze­roa aterako da, 15:30-16:00ak aldera, eta arratsalde osoan zehar arituko dira kantuan. Olentzero iristean ere, kantu­an eginen diote ongietorria.

Tailerrak, datorren astean
Datorren astean ere, izanen dituzte zitak, herrian. Egube­rri­tako tailerrak eginen dituzte hiru egunez, haurrentzat: astearte eta asteazkenean Goi­zu­etan, eta ostegunean Ara­non. Goizeko 10:00etan hasi, eta 13:00etara arte izanen dira, hiru egunetan. Parte hartzeko, aurrez apuntatu behar zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!