Kaxkoko hainbat gai, alderdi eta kezkaren inguruan, bere eskaera eta proposamen sorta helarazi dio Kaxko elkarteak, Hernaniko Udalari; eta zerrenda hori aditzera eman du, ohar baten bitartez.
Bertan jasotzen dira, batetik, egindako eskaerak. Hasteko, nahi du konpromisoa eskatzea pankartak eta kartelak jartzen dituztenei, horiek gero kentzeko, eta baita erabilitako soka eta zintak ere. Modu berean, kartelak jartzeko eta pintaketentzako arautegia ere, eguneratzea eskatu du.
Etxeen balio galeraren arrazoiak ezagutzeko azterketa egitea ere eskatu dio, edota Kaxkoko Ondare Historikoa hobeto zaintzea, pibote eta zakarrontzi gehiago jartzea, Udaltzainen kopurua haunditzea egoera berezietan, seinalizazioa hobetzea, haur parkeak berritu eta konpontzea...
Txotx batzorderako ere, hainbat proposamen
Eta eskaera horiekin batera, bestetik, hainbat proposamen egin ditu, txotx batzorderako. Horietako bat da, Biltzarra antolatzea maiatza baino lehen, atsedenerako eskubidearen eta gaueko aisialdiaren gozamenaren inguruan eztabaidatzeko.
Modu berean, proposatzen du ez erabiltzea Eusko Jaurlaritzak baimendutako gaueko ordu guztiak, gauez ez baimentzea edariak kalera ateratzea, eta gauetan gehiegizko turismoa duten beste herrietako lorpenak aplikatzea.
Azkenik, proposatu du mozkortuta daudenak kontrolatu, Ertzaintzaren protokoloa aktibatu, eta Udaltzain gehiago kontratatzea, besteak beste.