Bertsotan ariko direla bai, baina ‘lata’ izango denik ezin pentsa...

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 30a, 01:00

Urtea bezala, bukatzen ari da aurtengo Bertsolata ere; eta azken txanpan, ez dute pres­ta­­tu bertso latarik, maila haun­diko bertso jaialdia baizik.

Gaur arratsaldean izango da, 18:30etan hasita Biteri kul­tur etxean; eta taula gainera igoko diren bertsolariekin, Barakaldoko BECen tankera hartuko du Biteriko areto na­gusiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiko lau finalista egongo baitira: Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Amets Arzallus eta Sustrai Colina. Eta haie­kin batera, Hernaniko Bertso Eskolako bi kide gehiago: Agin Laburu eta Eli Pagola.

Saioaz gozatzeko sarrerak, gaur bertan jarriko dituzte salgai, Biterin, jaialdia hasi baino ordu eta erdi lehenago, arratsaldeko 17:00etan.

Urte Zahar Errondarekin zita, bihar arratsaldean

Eta urtea agurtzeko, kantari aterako dira bihar, Bertso Es­kolako kideak, Ohitura Zaha­rrak abesbatzakoekin batera.

Arratsaldeko 17:00etan ja­rri dute elkartzeko zita, uda­le­txeko arkupeetan, eta berta­tik abiatuko dira kantari, kale, plaza eta tabernak giro­tu eta urtea agurtzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!