Istripua izan zuten asteazkenean, Castello I kartzelatik bueltan zetozela, Marta Igarriz Izeta preso hernaniarraren senideek; amak, izebak eta ahizpa batek. Eta atzo, agerraldia egin zuen Etxerat elkarteak, Atsegindegin, istripua salatu, informazio gehiago eman, eta Marta Igarrizi eta bere senideei elkartasuna eta babesa erakusteko.
100 lagunetik gora elkartu ziren bertan, Etxeraten deialdiari erantzunez. Eta bertan zen Ana Igarriz ere, Marta Igarrizen ahizpa, istripua izan zuena: «eskerrak denoi, gure ondoan egon zaretelako; babes haundia eman diguzue. Eta eskerrak baita ere, momentuan lagundu zigutenei».
«Urtearen irakurketa positiboa egin nahiko genuke, baina ezin dugu»
Etxerateko ordezkariek hartu zuten hitza gero, eta azaldu zuten, «urte bizia, intentsitate haundikoa» izan dela 2017a: «urrats garrantzitsu askok itxaropenez bete gaituzte, gure egunerokotasunari aurre egiteko; baina sufrimenduz islatutako urtea izan da».
Izan ere, nabarmendu zuten aurrerapauso kualitatibo haundia eman duela euskal gizarteak, «estatu espainiarraren eta frantziarraren traba eta blokeo guztiak gainditu, eta bake prozesua beste agertoki batera mugiaraziz, inori itxaroten jarraitu gabe».
Eta gaineratu zuten: «irakurketa positiboa egin nahiko genuke urte honetaz, baina ezin dugu, ez digute halakorik egiten uzten. Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen egoerak berdin jarraitzen du. Sei urte bete direnean ETAk bere ekintza armatua utzi zuela, adierazgarria da euskal preso politikoek sufritzen dituzten salbuespen neurriek aktibo jarraitzen dutela; are gehiago larri gaixo dauden presoena. Eta bitartean, senide eta lagunok milaka bisita burutu ditugu, kontaezinak diren bidai amaigabeetan. Urte luze honetan bederatzi ezbehar izan ditugu, hogei zauritu eta horietatik lau larri; azkena, asteazkenean gertatu zena».
«Obserbazioan jarraitzen dute, amak eta izebak»
Istripuari buruzko informazioa ere eman zuten agerraldian: «arratsaldeko 16:30etan gertatu zen, Leitzako bigarren tunela igaro ondoren. Elurra egin berri zegoenez, autoaren kontrola galdu, eta bazterrean istripua izan zuen beste kotxe baten kontra jo ziren bortizki. Martaren ahizpak bere kabuz ateratzeko aukera izan zuen, eta ondoren ospitalera eraman zuten. Izeba ere bere kabuz atera zen, baina ama atera egin behar izan zuten. Izeba eta ama Donostiako Poliklinikara eraman zituzten, eta obserbazioan jarraitzen dute».
Azaldu zuten, baita ere, «nabarmentzekoa» dela istripuaren larritasuna: «amak sei saihets dauzka apurtuta, eta bi bertebra zanpatuta; eta izebak, bularrezurrean haustura dauka. Hauek dira dispertsio politika krudelaren emaitzak. Gogorarazi nahi ditugu, 28 urte luze hauetan 16 hildako eragin dituela».
«Urte amaigabea, sufrimenduz tindatutako urtea izan da, euskal preso eta iheslarien senide eta lagunentzat. Baina ez diogu ilusioari muzin egiten, eta itxaropen eta konfiantza ukigabearekin ekin nahi diogu urte berriari. Hemen izango gaituzue lanean, gure azken helburua bete arte: etxean eta bizirik nahi ditugu!», aldarrikatu zuten, bukatzeko.
Gero, 20:00etan Tilosetan elkartuta, mobilizazioa eta agerraldia egin zuten, Kalera Kalerak deituta.
Martutenera martxa bihar, eta ‘photocall’a gaur
Bihar, berriz, Martuteneko kartzelara martxa antolatu du Kalera Kalerak, eta goizeko 10:00etan abiatuko dira Zinkoeneatik. Eguerdian, ekitaldia egingo dute han. Atzoko mobilizazioa eta biharko martxa babestu ditu Sortuk, eta parte hartzera deitu du.
Gaur, berriz, photocalla jarriko du Sarek, 12:00etatik 14:00etara Nafar Kalean, Bilbon egingo den manifestazioa berotzeko. Prest gaude da aurtengo leloa.