Mozorrotuta, korrika, barre algaraka eta giro politean agurtuko dute urtea gaur, ehunka herritarrek, Hernaniko kaleetan barrena. Wukroren aldeko San Silbestre lasterketa egingo dute, arratsaldean.
Hiru txandatan izango dira lasterketak. Aurrena, 17:30etan hasita, txikienak abiatuko dira Plazatik, 8 urtetik beherakoak, 300 metroko ibilbidea osatzeko. Eta ondoren, gaztetxoen txanda izango da, 8-13 urte bitartekoena. 800 metro egingo dituzte, 17:45etan abiatuta. Bi adin tarte horietan, doan izango da izenematea, gaur bertan, lasterketaren aurretik.
Eta azkenik, 18:00etan, aterako dira lasterketa nagusiko korrikalariak, 14 urtetik gorakoak; 4 kilometro egin beharko dituzte. Azken orduan ere izango da izena emateko aukera, Plazan bertan, 10 euroan. Dortsalak eta kamixeta teknikoak ere, han banatuko dituzte.
Herri osoarentzako festa
Lasterketaren helburua hirukoitza da, antolatzaileek azaldu dutenez: «Wukrora laguntza bidaltzeko errekurtsoak biltzea; adin guztietako jendea hango errealitatera gerturatzea; eta noski, Gabonen barruan, herri osoarentzako festa izatea».