2018garren urtea ate joka dago, eta hasi aurretik, 2017ko balorazioa egin nahi izan du EAJ-PNVren Udal Gobernuak: «bukatzear den urtea oso emankorra izan da». Gainera, onartu dute, «oso urte garrantzitsua» izan dela.
Trena, «mugarri historikoa»
Udal gobernuak azaldu du hainbat helburu bete dituela aurtengoan. Aurreneko helburu bezala, gogorarazi dute: «edukiontzi-sistema ezarri da, eta ekainetik, 300.000 euro aurrezten dira urtean».
Horrez gain, azpimarratu dute «urte honetan zehar herria hobetzeko proiektu zerrenda bat bete da: jubilatuen etxearen berritzea; txakurrentzat parkeak; adineko jendearentzat gimnasiako elementuak; saneamendu-lanak Anuskan; Santiagomendiko hainbat zonalde eta kupelaren rontonda argiztatu dira; Ergobian obrak egin dira uholdeen aurka; kiroldegian muskulazio-areto berria irekia da; klubari babesa erakusteko, Mundarroren hitzarmena bikoiztu da; Mokolo plazako pabimentua birgaitu da; haurren parke batzuetan jolas egokituak jarri dira; hezegunearen biala berritu da; hilerrian berrikuntza-lanak egin dira eta baita herriko mantenimenduan ere, azken hauek 2018an segida izango dutenak». Horrekin lotuta, adierazi dute «martxan» dagoela haur parke berria, anbulategiaren parekoa, «egungoa baino haundiagoa izango da, eta gainera, estalia».
Nabarmendu dute, baita ere, «herriaren garapenaren ikuspuntutik, Kontxa Etxeberria plazaren inaugurazioa, Astigarragako haundiena, bertako joko-eremuan jarri baita aurreneko haur parke publiko estalia». Gainera, «Sagardo Plaza berrurbanizatu da, laster inauguratuko dena, eta bertako joko-eremua familiekin kontsultatu da». Proiektu estrategiko bezala, «Udal gobernuak hiru proposameneko azterketa bat eskatu du Herri Eskola haunditzeko, eta dagoeneko aurkeztu dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailan, laster martxan jar dezaten».
Bukatzeko, «mugarri historikoa» ere lortu dutela diote: «EAJ-PNVk ekarri du trena Astigarragara, lortu da ADIFek Astigarragako apeaderoa sartzea AHTaren obretan». Obra hori hurrengo legealdirako aurreikusten da: «inoiz ez bezalako lorpena».
«Inoiz ez bezalako lorpena» izan da tren geltokiarena, Gobernuarentzat.
2018a, ildo beretik
Aurrera begira ere, beren konpromezuekin jarraituko dutela diote: «Udal gobernuak jarraituko du hobetzeko konpromezuak izpiritu konstruktiboarekin eta denontzat gobernatuz». 2018rako aurrekontuak prestatu dituzte kontuan hartuta «jarraituko dela erakusten baliabide publikoak kudeatzen ditugula alderdien interesen gainetik, eta Astigarragaren etorkizuna hipotekatu gabe, dirua zaborrontzira botaz», bukatu dute.