Gaur hasiko du bere ibilbidea Hernanik, Euskal Herriko Torneo Nazionalean. Final zortzirenetan hasiko da, kluben arteko txapelketa garrantzitsuenetako batean; eta Lea Artibai izango du aurreneko kontrarioa, Munitibarreko taldea.
Zumarragan jokatuko dute aurreneko kanporaketa hori, gaur gaueko 21:15etan hasita. Txukun Lakuari irabaztetik datoz bizkaitarrak, eta kontrario arriskutsua da; baina hernaniarrak dira faborito, bere maila ematen badute.
Hiru modalitateetan, partidu bana jokatuko dute, eta bi irabazten dituen taldeak egingo du aurrera. Aurrena, lau t’erdian, Paul Ojuel ariko da, Urionaren kontra. Ondoren, buruz buru, Markel Lizeagak jokatuko du, Arrizabalagaren kontra. Eta azkenik, binaka, Iñigo Urkizu eta Eneko Aizpitarte ariko dira, Muñozguren eta Uriondoren kontra.
Bi final bihar, hernaniarrek
Bihar, berriz, bi finaletan ariko dira hernaniarrak. Lizeagak Gipuzkoako Txapelketakoa jokatuko du, buruz buru, Intxurreko Artolaren kontra; Tolosan 11:30etan. Hernaniarra da faborito, txapelketa bikaina jokatu ondoren, sasoi betean; eta aurrean, ezustekoa eman duen pelotari bat.
Ioritz Arrietak jokatuko du beste finala, 18:30etan Villabonan, Antton Pebet torneoan. Olaburuko Zezeagarekin, Urbieta II eta Arangurenen kontra ariko da. Partidu berdindua espero da, oso maila haundiko lau pelotarirekin.