Prozesua jarri du martxan Hernaniko Udalak, hilerriko errolda eguneratzeko. Izan ere, azaldu dutenez, «egun Udalak daukan erroldaren arabera, emakiden baitan dauden jabetzak ez dira batere errealak; eta ondorioz, transmisioak eguneratu eta hilobiratze unitate bakoitzerako ordezkari bat izendatzea da asmoa».
2012an onartu zuen Udalak, hilerriari dagokion araudi berria; eta bertan jasotzen dira, lurperatze eskubideen izaera eta eduki orokorrak, iraunaldia, aldatu eta eskualdatzea, obrak eta konponketak...
Araudiko bi gairi emango die garrantzia Udalak, prozesu honekin: hilobiratze unitate bakoitzeko ordezkari bat izendatzeari, eta emakiden iraungitze datari. Ordezkaria, emakida bakoitzaren jabeek izendatu beharko dute; eta bestela, Udalak izendatuko du, 30garren artikuluaren arabera.
Iraungitze datari dagokionez, epe ezberdinetarako eman izan dira, araudi desberdinen arabera; eta hori erregularizatzeko asmoz, Udalak erabaki du denei luzatzea legez eman daitekeen urte kopuru haundiena: denei 99 urtetara luzatzea emakida, bakoitzaren kontzesio data kontutan hartuta.
Hiru hilabeteko epea,
ordezkariak izendatzeko eta alegazioak aurkezteko
Prozesu honetan, hiru hilabeteko epea emango du Udalak, alegazioak egin, dokumentazioa aurkeztu, aldaketak proposatu eta ordezkariak izendatzeko. Espedienteak kontsultatzeko aukera ere izango da, HHZn (08:00-14:00). Hiru hilabeteak igarota, alegazioak erantzun eta aldaketak eginda, errolda berritua onartuko da.
Udalak jakinarazi du, gainera, epe horretan ez dituzte kobratuko transmisioak; eta ondoren, ordenantza fiskalari helduko zaio berriro.