Emaitza ederrak lortu zituzten pelotari hernaniarrek, aurreko asteburuan; bereziki, Ioritz Arrietak eta Markel Lizeagak. Bina final jokatzeko sailkatu dira, bi pelotari hernaniarrak.
Lizeagak, hasteko, Gipuzkoako Txapelketaren finala jokatuko du, buruz buru, semifinalean Muguruzari nagusitasunez irabazi ondoren (22-9). Arrietak, berriz, Villabonako Antton Pebet torneoko finala jokatuko du, Zezeagarekin batera, Exposito eta Telletxeari irabazita (22-14). Eta biak elkarrekin, Arrieta eta Lizeaga, Altzako torneoko finalean izango dira, semifinalean Loidi eta Gorrotxategiri irabazita (22-8).
Ez ziren hain onak izan emaitzak trinketean, Gipuzkoako Txapelketan. Galdu egin zuten ligaxkako partidu erabakigarria, Ekaitz Cisneros seniorrak (31-40), eta Aratz Tejedor kadeteak (16-30), eta ezin izan dute azkeneko fasera sailkatu. Eta galdu egin zuen Iñigo Labaka seniorrak ere (24-40), eta multzoko azkeneko sailkatu bezala bukatuta, 1go mailari eusteko lehiatu beharko du.