Maialen Lujanbioren jarraitzaileek zita daukate gaur, Hernaniko Bertso Eskolan (Larramendi kalea 11, behea). Bertan egongo da bertsolari hernaniarra, goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara; eta posterrak, argazkiak, postalak... sinatuko dizkie, bertaratzen direnei.
Hori bakarrik ez, photocall bat ere jarriko dute, Lujanbioren beraren irudiarekin txapela eta guzti, herritarrek burua jarri eta beraiek azaltzeko txapeldun gisa argazkian.
Eta bideo emanaldi bat ere izango da momenturo: Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean, Lujanbiok kantatutako bertso guztien bideoak jarriko dituzte.
8-14 urte bitarteko gaztetxo bat, Lujanbioren ikasle
Gainera, BECen jantzi zuen txapela ere eramango du Maialen Lujanbiok Bertso Eskolara; eta probatzeko aukera emango die, 8-14 urte bitarteko gaztetxoei. Izan ere, txapela ondoen geratzen zaiona, apopilo hartuko du Lujanbiok, bere ikasle gisa, Hernaniko hurrengo txapelduna izan dadin abilezia eta sekretu guztiak erakusteko.