Goizean goizetik hasiko dira hernaniarrak Olentzerori kantari. Bizkarrean hartuta eramango dute herriko txoko guztietara; gero opariak non utzi jakin dezan izango da!
Ikasleak, aurrenekoak
Gabon doinuak kantatuz kalejiran aterako diren aurrenekoak eskoletako ikasleak izango dira. Ereñotzuko Txirrita eskolan 09:30etan jarri dute zita; Inmakuladan, 10:00etan; Langile ikastolakoak 11:00etan abiatuko dira Txantxillatik; eta Elizatxokoak, berriz, 11:45etan eskolatik.
Eguerdiko 12:00etan Kantuz abesbatzak egingo du bat guztiekin, Milagrosatik aterata. Eta Hernaniko Iraulio Panttalone Bertso Eskolakoak 15:30etan aterako dira Biteritik, baserriz baserri joateko.
Olentzero, Ttarla, Musika Banda, eta manifestazioa
Azkenean, Olentzero 18:00etan iritsiko da Hernanira, eta Ttarlako dantzariekin kalejira egingo du. Olentzero berak oharra bidali du: «19:00ak aldera udaletxeko arkupeetan zuen gutun eta muxu guztiak jasotzeko tartea izango dut, baina gero etxe guztietara heldu behar dut, eta beraz, aurtengoan ere ez naiz berandu arte geratuko arkupeetan; 20:30ak arte egongo naiz han, zuen esperoan».
Olentzero arkupeetan dagoen bitartean, Sarek deituta manifestazioa aterako da presoen alde, 19:30etan plazatik.
Azkenik Hernaniko Musika Banda aterako da 20:00etan plazatik, Gabon Gaueko erronda egitera.