Ia bi urteko ikerketa lana egin dute gastronomia, agronomia eta gizarte arloetako hainbat eragilek, elkarrekin; eta horren emaitza aurkeztu berri dute: Mihi Berdea proiektu berritzailea. Baratzetan eta jatetxeetan zapore berriak sartu, eta buru gaixotasuna duten pertsonak laneratzea du helburu.
Zehazki, bederatzi eragilek jardun dute ikerketa horretan, tartean Urumea bailarako zenbait: Karabeleko, Basque Culinary Center, Orona Fundazioa, Agifes, Diametro 200, Blasenea, Kimu Bat, Ernetuz eta Infotres.
Elkarlanean, aztertu dituzte dozenaka hostozko landare, eta baita landaketarekin, eraldaketarekin eta ontziratzearekin lotutako xehetasun teknikoak ere. Horrela, ezagutza bildu dute, martxan jartzeko ustiategi txikiak, IV. gamako ekoizpen ekologikorako. Ekoizpen horrekin hornituko dute Horeca kanala: ostalaritza, jatetxe eta katerinak.
‘Mezclum’ berritzaile sorta bat, «sukaldariak harrituko dituzten zapore bereziekin»
Ikerketa eta ezagutza horren emaitza da Mihi Berdea: mezclum entsalada berritzaile sorta bat, hostokume fresko eta ekologikoekin osatutakoak. «Sukaldariak harrituko dituzten zapore ñabardura bereziak ditu mezclum sorta horrek».
Lau zutabe izan ditu proiektuak: agroekologia, esperimentazio ekologikoa, berrikuntza eta kolektibo berezien babesa: «kontsumitzailearen eskakizun berezietatik abiatuz, garapen sozial eta ekonomikorako bide berriak bilatzearen aldeko apustua egin dugu, ingurumena eta pertsonak aintzat hartuz».
Orain, Hernaniko Karabeleko nekazaritza ekologikoko etxaldea arduratuko da, proiektutik sortu den negozio-ekimen berria gauzatzeaz; eta horrekin batera, sustatuko du buruko osasun arazoa duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea.