Lau protagonista eta bi txapela izango ditu erremonteak, gaur: Binakako Txapelketaren final haundia jokatuko dute, arratsaldeko 16:00etan hasiko den jaialdian, Galarretan.
Aurreko urtean jantzitako txapela, berriro lortzea bilatuko dute Utergak eta Endikak, baina ez dute biek lortuko, bando desberdinetan ari baitira aurten, elkarren kontra: Etxeberria III herrikidearekin Uterga, eta Ezkurra II gaztearekin Endika.
Nafarrak izango dira lau finalistak, gainera; aurreneko aldiz 2008tik.
Pelota aukeraketan, «pozik»
Finalerako nahi zuten materiala aurkitu zuten lau erremontistek, pelota aukeraketan; eta «pozik» geratu ziren. Pelota biziagoak aukeratu zituzten Ezkurra IIk eta Endikak, erritmo biziko eta mugimendu askoko partidua izan dadin; eta aldiz, motelagoak Utergak eta Etxeberria IIIk, lan gehiago eskatuko duen partiduaren bila.
Finaletan arituak, lauak
Edozein kasutan, finala ez da berria izango, inorentzat. Arituak dira dagoeneko, lauak: bina txapela dauzkate Utergak eta Endikak, txapela bat Etxeberria IIIk, eta oraindik palmaresa estreinatu ez badu ere, Ezkurra IIk hirugarren finala du lau urtetan. Esperientzia lagun izango dute denek ere, beraz.
Eta baita sasoia eta motibazioa ere: txapelketa gaizki hasi ondoren, nabarmen egin dute gora, bi bikoteek.