Berritu egin dute lankidetza hitzarmena, Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialek eta Hernani BHI Institutuak, haur eta nerabeen babesgabetasun egoeretan jarduteko protokoloa finkatzeko. 2016ko irailean sinatu zuten aurrenekoz, eta berritzea adostu dute, emaitza onak ikusita: «elkarlan honek onurak ekartzen dizkie familiei, laguntza haien beharretara egokitzen delako. Udalaren, Institutuaren eta familien elkarlana sustatzen da, umeen eta nerabeen garapen osasuntsua lortzeko», adierazi dute.
Hitzarmena sinatuta, hainbat konpromiso hartu dituzte bi aldeek. Zerbitzu Sozialek, teknikari erreferenteak izendatuko dituzte gai horretarako, Kale Heziketako profesionalek ikastetxean heziketa lana egingo dutela ziurtatuko dute, jarraipen-mahairako langileak izendatuko dituzte, eta prebentzio mailan antolatutako ekimenen berri emango dute Institutuan, eta partehartzea erraztu.
Institutuak, berriz, protokoloaren berri emango die irakasle guztiei, eta bete egingo ditu bertan jasotako puntuak. Berak ere, jarraipen-mahairako langileak izendatuko ditu.
Herriko beste ikastetxeekin ere lanean, Zerbitzu Sozialak
Institutuarekin bezala, herriko beste ikastetxe batzuekin ere ari dira protokoloa lantzen, Zerbitzu Sozialak. Babes zerbitzuak, 97 pertsona artatu ditu aurten; haur eta nerabeak eta haien senitartekoak, hain justu. Hori ikusita, zerbitzua indartu nahi izan du Udalak; eta 2018ko aurrekontuan, %7ko igoera izango du adingabe eta familiekin lotutako zerbitzuak.