Giro ederrean iritsi dira ereñotzuarrak asteburura, Gabonen atarira!
Ondo baino hobeto ospatu zuten Santo Tomas eguna, ostegun goizean, Txirrita eskolan. Txistorra bokadillo ederrak prestatu zizkieten ikasleek, auzotar guztiei; eta musikarik ez zen faltatu!
Eta ezta atzo ere! San Antonio elizan elkartuta, Gabonetako kontzertua eskaini zuten Hernaniko Ozenki abesbatzak eta Doinu Zale musika eskolak, eta Txirrita eskolako ikasleek.
Gabon eskean, bihar
Bihar, berriz, urteroko zita jarri dute, Gabon gaua dela eta. Goizean egingo dute aurten, eta 09:30etan elkartuko dira, «ahotsak indartu eta martxan jartzeko». Gabon eskean aterako dira baserriz baserri eta etxez etxe, Txirrita eskolako Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta.
Animatu eta kantuan ateratzeko deia luzatu diete elkartetik, eskolako haurrei eta haien gurasoei, eta baita auzotar guztiei ere: «kantuan ikusiko gara!».