Agerraldi publiko baten bitartez, Hernaniko Gure Esku Dagok asteazkenean azaldu zuen Hernaniko Udalak emandako dirulaguntza itzuli egingo duela, Espainiako Gobernuaren Delegazioak jarritako demanda dela-eta; «ez baitugu nahi Hernaniko Udala kaltetzea», azaldu zuten.
«Erabakitzeko Eskubidearen aldeko lanean segiko dugu»
Gure Esku Dagok azaldu zuen, «Erabakitzeko Eskubideari dagokionean, Madrilgo Gobernuak duen aurpegirik ilun eta zapaltzaileena ikusten» ari dela azken boladan, eta ez Katalunian bakarrik.
«Errepresio politika hori, ez du PPk Kataluniara bakarrik mugatu. Gure herrian ere, Espainiak duen Ordezkaritzak, demanda bat sartu du epaitegian Hernaniko Udalaren aurka, erabakitzeko eskubidea defendatzen duen Hernaniko Gure Esku Dagori dirulaguntza bat emateagatik».
Laguntza hori 5.400 eurokoa dela zehaztu zuten, eta Udalari itzultzea erabaki dutela, «ez baitugu nahi Hernaniko Udala kaltetzea, PPko Gobernuaren Ordezkariaren pertsekuzioa dela-eta».
Agerraldi publikoaren zergatia ere azaldu zuten: «Gardentasunez arituko ginela esan genuen GED sortu genuenean, eta honek asmo horri erantzuten dio». Era berean, azpimarratu zuten «herritarrek dugun Erabakitzeko Eskubidearen aldeko lanean jarraituko» dutela.