Gipuzkoako kale garbitzaileen greba deitu zuten LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek abenduaren 5eko agerraldian, baina bertan behera utzi zuten atzo, greba hasi baino ordu batzuk lehenago lortutako akordioari esker.
LAB sindikatuak azaldutakoaren arabera, «lehenik eta behin, sektoreko hitzarmena mantendu izana garaipena da». Bestalde, hiru aldarrikapen egin ziren, eta horietatik bi «lortu» dira. Batetik, «erregulazio edo prozedura bat egotea lanaldi partziala duten langileentzat lanpostu hutsak betetzeko, izan behin behinekoak edo behin betikoak». Bestetik, «hitzarmenean honen denbora eremu mugagabea adostea».
Hirugarren aldarrikapenean eskatu zen «soldata igoerak KPIari (IPC) lotuta egotea, eta azkenean lortu da 2017 urterako KPIa+0,1; eta 2018 eta 2019rako KPIa+0,2».
LABek zoriondu egin du sektorea, «negoziaketan izandako jarrera aktiboagatik».