Hirugarren urtez, dirulaguntza deialdia zabaldu du Hernaniko Udalak, gazteen artean etxebizitzen alokairua sustatzeko. Guztira, 164.000 euroko partida gorde du horretarako: 82.000 euro 18-35 urtekoentzat, eta beste 82.000 euro 36 urtetik gorakoentzat.
Asteartean argitaratu zen deialdia, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean; eta atzotik hasita, 20 egun naturaleko epea dago eskaerak aurkezteko, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan (astelehenetik ostiralera goizez), edo Erregistro Zerbitzuan (arratsaldez). Horretarako, Hernanin duela urtebetetik hona egon beharko dute erroldatuta. Eskaera orriak HHZn bertan, eta www.hernani.eus web orrian daude.
Deialdi honekin, diruz lagunduko dira 2017ko irailaren 1etik, 2018ko abuztuaren 31ra bitarteko alokairu gastuak; gehienez, hilean 650 euro.