Bertan behera geratu zen aurreko astean, Astigarragako Udal Aurrekontuak onatzeko plenoa. Eta horren inguruan, balorazio zabalagoa egin du EH Bilduk, hurrengo egunetan: «EAJk orain arte aurrekontuak onartzeko prozedura irauli du, oposizioari emendakinak egiteko aukera ukatuz. Legedia betetzen ez zuelakoan, txostena eskatu genien idazkari eta kontuhartzaileari, eta oraindik egin ez badute ere, badirudi arrazoi genuela».
Eta kritikatu du, EAJk akatsa onartu beharrean, errua EH Bilduri egotzi diola: «EAJk garbi esan behar du, proposatu zuten prozedurak ez zuela legea betetzen, eta oposizioari emendakinak aurkezteko aukera ukatzen ziela. Gainontzekoa bazterrak nahastea da. EH Bilduk bere eskubideak eta proposamenak egiteko aukerak babestu ditu, besterik ez».
Era berean, nabarmendu du, «Astigarragako historian lehen aldiz, pleno bat bertan behera utzi behar» izan dela, «onartzera zijoana legearen kontrakoa zenaren zantzua zuelako. Pasarte lotsagarri honen arduradun nagusiei, alkateari eta ogasun zinegotziari, ardura politikoak eskatuko dizkiogu».
«EAJk uste du, erakunde publikoak bere gustura kudeatu ditzakeela»
Zentzu horretan, adierazi du «EAJren autoritarismo adierazpen gorena» izan dela: «EAJk uste du, erakunde publikoak bere gustura kudeatu ditzakeela; baina erakundeek badituzte mekanismoak, jarrera inposatzaile hauek ekiditeko. Ez diogu utziko EAJri, Astigarragako Udala bere txiringito bilakatzen».
Eta azaldu du, ez dela aurreneko aldia, EH Bilduk salatu eta txostenak eskatuta, ilegaltasunak adierazi direla: «ezohiko plenoetan eta herritarrei pleno guztietan galdera eta erreguak egitea debekatzea, Eternal Running probako eta doako autobus zerbitzuko hitzarmen baliogabeak, Urumea Berriko obrak baimenik gabe hastea... Esan daiteke, legea betetzeko arazo bat duela».
«Emendakin multzoa», Udal Aurrekontuei
«Astigartarren interesak babesteko, emendakin multzoa» prest daukala aurreratu du EH Bilduk: «auzoz auzoko sei bileretan, 50 lagunek hartu dute parte, eta jasotakoa aurrekontuetan txertatzen saiatuko gara. Adibidez, Perurenan, 2017rako 50.000 euro zeuden, baina zentimo bat ere ez da erabili; eta eskatu dugu, Floreaga bidea konpontzeko erabiltzea».
Azkenik, jakinarazi du inkesta pasako duela interneten, hainbat konturen inguruan herritarren iritzia jasotzeko.