Asteartean ospatu zuten 2017 urteko gala, Eusko Jaurlaritzak eta Euskalitek, Donostiako Kursaalean. Eta bertan, banatu zizkieten A sariak eta diplomak, kudeaketa aurreratuaren bidean lanean ari diren 48 enpresa eta erakunderi.
Eta Urumeako Kronikak ere, errekonozimendua jaso zuen bertan: Kudeaketa Aurreratuari diploma jaso zuen, Jose Hernandez Euskaliteko lehendakariaren eskutik. Horrekin, Euskalitek eta Eusko Jaurlaritzak errekonozitu dute, Urumeako Kronikak egindako lana, kudeaketa eredu aurreratua ezartzeko, bere funtzionamenduan eta egituran.
Bi urtetako ibilbidea
2015eko bukaeran hasi zuen bide hori, Kronikak. Aurrena, kanpo kontraste bat jaso zuen Euskaliteko ebaluatzaile taldearen eskutik. Horretan, Kronikaren funtzionamendua eta kudeaketa modeloa aztertu zuen Euskalitek, eta indarguneak zein hobetzeko arloak identifikatu zituzten elkarrekin.
Bide hori urratzen hasita, ikastaro bat jaso zuen Kronikak, 2016 urtean zehar, Tokikomeko beste hainbat hedabiderekin batera. Ikastaro horretan ezagutu zituzten kudeaketa eredu aurreratua ezartzeko jarraibideak, eta ondoren, barne lanketa potoloa egin zuen Kronikaren lantaldeak: ikuskera, misioa eta baloreak hausnartu eta finkatu, helburu estrategikoak markatu, lantalde eta prozesu berriak sortu... Horrela osatu zuen, 2017-2019 eperako plan estrategikoa, urtez urteko helburu eta ekintza zehatzekin.
Hasitako bide horri jarraipena emateko, beste ikastaro bat jaso zuen Kronikak, 2017ko aurreneko erdian; eta hirugarren bat, urria eta azaroan.
Eboluzioa ikusteko, beste kanpo kontraste bat jaso zuen Kronikak, abenduaren 4an, eta egindako lana egiaztatu zuen Euskalitek, diploma emanda.
Bide luzea oraindik, egiteko
Jasotako errekonozimenduak, bide onean dagoela erakutsi dio Kronikari; baina badaki, oraindik bide luzea daukala egiteko, norabide horretan; eta lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du.
Kronikak bezala, Tokikomeko beste lau hedabidek ere jaso dute diploma: Anboto, Baleikek, Goienak eta Ttipi-Ttapak.