Tropelean Barakaldora, goizuetar mordoxka
Goiz asko abiatu ziren goizuetarrak atzo goizean, hainbat kotxe hartu eta Barakaldora bidean jartzeko. Tropelean joan zen goizuetar mordoxka, bertsolaritzaren festa haundienaz gozatzera. BECeko goikaldeko harmailetako batetik ikusi zuten saioa, guztiek adi-adi.
Astigarragatik BECera, finalaz gozatzera
Astigarragak ere bere txokoa bete zuen atzo, Barakaldoko BECen, Bertso Txapelketa Nagusiaren bihotzean. Talde haundi bat eseri zen elkarrekin harmailetan, finalaz elkarrekin gozatzeko; eta beste asko ere izango ziren, areto osoan zehar banatuta.
Hernaniar talde haundiak, harmailak betez
Oholtza gainean bakarrik ez, harmailetan ere protagonista izan ziren hernaniarrak, atzo. Gazte eta heldu, adin guztietako herritarrak bertaratu ziren, han eta hemen ageri ziren, herriko bertso eskolako lau finalistak animatzera.
Juanjo Uriari, errekonozimendua
Gertutik, aurreneko filetatik jarraitu zituzten hernaniarren bertsoaldiak, hainbat hernaniarrek; horietako bat, Juanjo Uria. Aipamena eta errekonozimendua egin zioten Unai Agirrek eta Aitor Mendiluzek, azken agurrean.
Idatziz ere babesa, estreinako finalean
Txalo eta animo asko jaso zituen Unai Agirrek, bere aurreneko finalean; baina pankarta ugarirekin ere eman zioten babesa, hernaniarrari. Sagardogileena eta aitaren herriko lagunenak, horietako bi.