Datorren urtarriletik aurrera, Udalaren eskumena izango da industrialdeetan sortzen diren gaikako bilketaren kudeaketa, eta Garbitania Sozietate Publikoaren bidez kudeatuko du bilketa hori, herriko etxebizitzetakoa eta saltokietakoa egiten duen enpresa publiko beraren bidez, alegia.
Egun San Markos Mankomunitateak egiten du industrialdeetako hondakinen kudeaketa. Hernaniko Udalak Zero Zabor bidean egiten duen beste urrats bat da, «urrats garrantzitsua, gainera», adierazi dutenez: «San Markos Mankomunitateak orain arte egiten duen bilketaren emaitzak aise hobetu nahi ditu Udalak. Enpresa gehiagotara iristea eta hondakinak jatorrian hobeto jasotzea da erronka».
San Markos Mankomunitateak egun burutzen duen bilketaren datuak eman dizkio Hernaniko Udalari. Horren ondoan zehazten dira Garbitaniak egun Usurbilgo enpresetan egiten duen bilketaren laburpen datuak.
Organikoaren bilketa
Egun San Markosek Hernaniko enpresa guztien %11tan soilik jasotzen du frakzio hori (420 enpresatik 46tan); Garbitaniak Usurbilen enpresa guztien %40 jasotzen du (133 enpresatik 53tan). Hernaniko enpresen %89ak organikoaren atalarekin zer egiten duen ez dago informaziorik. «Errefusa organikoarekin ateratzeko egunean aterako dute segur aski, zabortegira joaten direlarik. Usurbilgo kasuan, errefusarekin organikoa ateraz gero, ez zaio jasotzen eta hortaz, behartuta daude organikoaren egunean ondo ateratzera».
Ontzi arinen bilketa
San Markosek 71 enpresari biltzen zion 2016an. Garbitaniak Usurbilen 76ri bildu zion. «Atal honetan ere Hernaniko enpresetan %83tatik gehienak (gutxi batzuk ez dute atal hau sortuko segur aski) ontzi arinak errefusaren egunean aterako ditu, zabortegira botatzen dituztelarik».
Papera eta kartoiaren bilketa
San Markosen bilketa kopurua hain txikia ez izan arren (%52), Usurbilen egiten denarekin konparatuz gero (%85), Hernaniko tasa hobetzeko aukera haundia dagoela ikusten da.
Organikoaren bilketan salto haundia egitea espero da, enpresen %11ean egiten da
Informazio eta aholkularitza pertsonalizatua
Gaikako sistemaren ezarpena urtarrilaren 2tik aurrera egingo du Udalak, baina uztailean hasi zen Garbitaniako hezitzaile bat enpresaz enpresa datuak biltzen bisita pertsonalizatuak egiten.
Horrekin batera, enpresa guztiei liburuxka, egutegi eta kartel bana banatzen ari da egunotan Udala, bilketaren ordutegiekin eta ezaugarriekin. Webgune berezi bat ere ari da Udala informazioa enpresen ordezkarien esku modu argian egon dadin: poligonohondakinak.hernani.eus. Horrela, zalantzak argitzeko tresna bat edukiko dute beti eskura. Gainera, telefonoz deitzeko aukera ere izango dute enpresariek edo langileek, zalantzak argitzeko.
Enpresa gehiagotara iristea eta hondakinak jatorrian hobeto jasotzea da erronka
Ingurumenerako eta ekonomiarako onurak
Industrian sortzen diren hiri hondakinen bilketa bereganatzeak, ingurumenerako abantaila haundiak ditu, Udalaren ustez; jatorrian egiten den bilketa egokia baldin bada, gerora sailkatzea errazagoa baita, eta horrek birziklatze tasak hobetzea ahalbidetzen du.
Era berean, Hernaniko herriguneko hondakinak eta Usurbilgo hondakin guztiak kudeatzen dituen Garbitania enpresa publikoaren baliabideak arrazionalizatzea ekarriko du, langileak, ibilgailuak, pabilioia eta gastu orokorrak modu eraginkorragoan baliatzeko aukera ematen duelako.