Jende asko bildu zen Eskolako jangelan, Iñaki Perurenaren bakarrizketa saio polita entzuteko: Harria, maitasun istorioa. Harriarekin bizitako esperientziak kontatu zizkien leitzarrak, gogora ekarriz betidanik izan duela harremana harriarekin, eta beti mantendu nahi izan duela: trabak izan dituenean, modu batera edo bestera, beti saiatu da bere bizitza harriaren inguruan egiten.
Kontatu zien, baita ere, aukera izan duela kanpora joateko, erakustaldiak egitera; eta beti saiatu dela, euskal kulturaren alde gehiago erakusten: bertsotan egin izan du, adibidez. Eta saioan bertan kantatu zituen hainbat bertso, atzerrian botatakoak batzuk; eta beste bat berezia: begiak itxiarazi zizkien ikusleei, eta bertsoaren bitartez, irudikatu zuten nola jasotzen den harria.