Iristsi da eguna. Lau urtean behin, bertsozale guztiak eta bertsozale ez direnak ere, arreta guztia jartzen dute gaurko egunean, BECn jokatuko den Bertsolari Txa-pelketako Final Nagusian. Eta Hernaniko Bertso Eskolak lau bertsolari sartu ditu 2017ko finalean. Oholtza gainera igoko dira Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi eta hauekin batera ariko dira txapelaren bila; Sustrai Colina, Amets Arzallus, Aitor Sarriegi eta Igor Elortza.
25 bertso, bertsolari bakoitzak eta beste hamaika buruz burukoan
Finala 11:00etan hasiko da eta arratsaldeko saioa 16:30etan. Goizean 15 bertso kantatuko dituzte zortzi bertsolariek: binaka zortziko txiki, haundi eta hamarreko txikian hiruna, hiru punturi erantzun eta kartzelako lana. Arratsaldean 10: hiru binaka sei puntuko motzean, puntuka biren artean zortzi bertso osatu arte eta hiru banaka nahi duten doinu eta neurrian. Buruz burukoan beste 11: binaka hiruna zortziko haundian eta launa zortziko txikian; banaka bertso bana bederatziko txikian eta hiruna kartzelako lanean.
Maialen eta Unairen txokolatezko irudia
Asko hitzegin da eta idatzi da finalaren aurretik eta bitxikeri gozoak ere aurkitu daitezke. Horietako bi, Hernaniko Oa gozotegi dendarena eta Hiru arropa dendarena.
Txokolate zuriaren gainean txokolate beltzarekin Maialen Lujanbio eta Unai Agirreren irudia egin du Miren Lukas Hernaniko gozogileak. Erantzun ona izan du, ikusi dutenek zoriondu egin dute.
Txokolatezko irudiak egiten aspaldi hasi zen, baina gutxi egiten ditu den-bora asko eskatzen dutelako. Igande arratsalde batean egin zituen, bertsolarien argazkien siluetak egin ordenagailuan, zirriborroa paperean atera, plastikoan txokolate beltzarekin kopiatu eta gainean txokolate zuria botata.
‘Hiru’ haurren arropa dendan haurrak bertsotan
Hiru haurren arropa dendan ere Txapelketa Nagusiari keinu egin diote; erakusleihoko eskenatokian lau haur ageri dira bi mikrofonoren atzean eta batek bertsoa ‘kantatzen’ du:
Hernanin badaukagu,
bertso harrobia
ni ere bertso eskolan,
aurten naiz hasia
Unai eta Maialen,
finalean di(r)a
eta baietz ekarri,
txapela jantzia.
2017an 17garren txapela
1935ean lehenengo txapelketa jokatu zenetik txapela jantzi duten bertsolariak ez dira asko, bederatzi; eta txapela, Maialen Lujanbiok duela zortzi urte, 2009an, jantzi zuenaren aurretik, Joxe Manuel Lujanbio Txirritak 1936an jantzi baitzuen, historiako bigarrena.
PALMARESA
n 1935: Inazio Eizmendi Basarri
n 1936: Joxe Manuel Lujanbio Txirrita
n 1960: Inazio Eizmendi Basarri
n 1962: Manuel Olaizola Uztapide
n 1965: Manuel Olaizola Uztapide
n 1967: Manuel Olaizola Uztapide
n 1980: Xabier Amuriza
n 1982: Xabier Amuriza
n 1986: Sebastian Lizaso
n 1989: Jon Lopategi
n 1993: Andoni Egaña
n 1997: Andoni Egaña
n 2001: Andoni Egaña
n 2005: Andoni Egaña
n 2009: Maialen Lujanbio
n 2013: Amets Arzallus