Txistu-danbolina eta organoa uztartu dituzte Jose Ignazio Ansorenak eta Ana Belen Garciak, txistu-danbolina eta organoa uztartzen dituen emanaldian. Dagoeneko bi kontzertu eskaini dituzte eta gaur, Hernaniko San Joan Bataiatzailea parroki-elizan, 20:00etan.
Programak ordu beteko iraupena izango du. Hasieran Donostiako Santa Maria Basilikako organo jotzaile izan ziren Mateo Albéniz, José Juan eta José Antonio Santesteban aita-semeen omenaldi moduko printzak erakusten ditu. Hirurok herri musikari ekarpen mamitsua egin zioten. Haien ondorengoa eta lanaren jarraitzailea da Ana Belén García, eliza beraren organo jotzaile titularra.
Jarraian XIX. mendearen amaieratik gaur arte txistu musikaren erakusketa dator; egileen artean izen handiko musikariak agertzen dira. Berezitasun bitxia du: obrak libanotar musikari batek, Naji Hakimek, txistuaren hotsak liluraturik, egokitu ditu bikote egitura honetara. Programaren amaieran gaur egungo estetika musikalaren eztandaren antzekoa gertatzen da egile honek berak sortutako Diptyque obran.