Maila izugarrian ari dira txirrindulari astigartarrak, Pista Sarian. Datu bat nahikoa da hori ikusteko: hiru kategoriatatik bitan, astigartarrak dira lider; Urko Semperena open kategorian, eta Jaime Romero kadeteetan.
Joan den asteburuan jarri zen lider Romero, laugarren jardunaldian, bi probak irabazita. Aurrenekoan, scratchean, hiru itzuliren ondoren eta 13 falta zirenean, ihes egin zuen bakarrik; baita helmugaraino eutsi ere! Sekulako esfortzua eginda nagusitu zen. Nekeak ez zion eragotzi, hala ere, puntuazioan ere bikain aritzea, eta taldekideen kontrolari esker, esprintak lehiatu eta berriro irabazteko puntuak pilatu zituen astigartarrak. Gainera, taldekideen lana eskertzeko, Iker Iriondo hernaniarrari lagundu zion esprintean, bigarren izateko proban.
Juniorretan, aldiz, ez zuen egunik onena izan Telmo Semperenak. Tempo race proban, azkeneko esprintean bakarrik lortu zituen puntuak, zazpigarren bukatzeko; eta puntuazioan, tarteko esprint batean puntuatuta, 14garren bukatu zuen. Horrela, 10garren dago orain.
Urko Semperena lider oraindik, 28 puntugatik
Urko Semperenak, bere aldetik, lidertza mantendu zuen open kategorian. Eliminazioan ondo aritu zen, baina lau bakarrik geratzen zirenean gaizki kokatu, eta kanporatuta geratu zen; laugarren izan zen, beraz. Puntuazioan, berriz, sailkapeneko aurrenekoen arteko kontrola izan zen nagusi, eta beste batzuk izan ziren protagonista. Semperenak, hala ere, esprint ederra egin zuen bukaeran, proban zortzigarren izateko. Horrela, 28 punturen aldea dauka, Igor Arruti bigarrenarekin.
Gaur eta bihar, saio bikoitza izango da, Donostiako belodromoan: Pista Sariko bosgarrena gaur, eta Kluben Gipuzkoako Koparen hasiera bihar.