Gozogintza eta antzerkia ikutuko ditu Azaro Kulturalak, egun hauetan, Goizuetan. Izan ere, bakoitzetik saio bana prestatu dute, urtea bukatzeko.
Batetik, turroiak eta mazapanak egiten ikasteko tailerra izanen dute gaur. Horretarako, obradore bihurtuko dute Eskolako jangela, bertan eginen baitute ikastaroa, goizeko 10:00etan hasi eta eguerdiko 13:00ak arte. Hiru ordu horietan, Cebank sukaldaritza eta ostalaritza eskolakoak izanen dituzte irakasle, izena eman duten herritarrek. Izan ere, aurrez apuntatu beharra zegoen, Amaia kafetegian; asteazkena zen azkeneko eguna.
Zer esango digute, eta nola, datorren ostiralean?
Aipatutako bigarren saioa, antzerkia izanen da. Datorren ostiralean jarri dute horretarako zita, abenduaren 22an. Arratsaldeko 18:30etan hasita, udaletxeko ganbaran eskainiko dute antzezlana, Teresa Lopez de Munain eta Garazi Olaizola aktore eta monologistek, bertaratzen diren guztientzat.
Antzezlanaren izenburua, abstraktu xamarra jarri dute: Zera... Nola esango dizut, bada? Zer ote daukate ikusleei esateko, eta nola esango ote diete azkenean? Jakin nahi duenak, ostiral arratsaldean dauka zita, udaletxeko ganbaran.
Errefuxiatuei buruzko hitzaldia, urtarrilaren 12an azkenean
Eta data jarri diote, baita ere, Lucia Etxeberriak eta Nafarroako Brigadisten Elkarteko kideek emanen duten hitzaldiari: Errefuxiatuak eta emakume errefuxiatuen egoera Grezian.
Urtarrilaren 12an izanen da azkenean, arratsaldeko 18:00etan hasita, udaletxeko ganbaran. Abenduaren 2an izatekoa zen berez, baina atzeratu egin zuten, elurtearen ondorioz.