Gonbidapena dagoeneko zabaldu dute lau haizeetara; gaztetxoenen Gabonetako oporrak hastera doaz, eta talde bakoitzak bere eskaintza propioa egiten duen honetan, Kutxa Ekoguneak ondo pasatzeko aukera, eta era berean, ekologiarekin zerikusia daukaten gaiak ikastekoa eskaintzen diete gaztetxoei. Baina ez hori bakarrik: «Olentzerori ere ongietorria eman nahi diogu gure parkea ezagutu dezan», diote beraiek. Eta berarekin batera, 3-12 urte bitartekoei dei berezia egiten diete Haur Parkea, eta noski, bere inguruak ezagutzeko. Denetarik aurkituko baitute: abereak, tailerrak, musika... aspertzeko unerik ez dute izango, dudarik gabe!
‘Negulekuak’, goizetan
Eskaintza desberdinak egin dituzte aurten ere, eta horien artean, bada bat Gabonetako oporretan zehar, ia egunero, burutuko dena: Negulekuak. Udaran egiten den antzera, goiz pasak dira, Ekogunean burutzen direnak. Bertan jarduera ezberdinak antolatu dituzte adin guztietako gaztetxoentzat, «negua izanik ardatz nagusi, eta Ekoguneko eremua, jolastoki», azaldu dute. Izan ere, aldarrikatu nahi dute neguan bizidun guztiak ez direla lozorroan sartuta geratzen: «batzuk bai, baina Ekogunean inoiz baino esnatuago gaude!».
Besteak beste, 3 eta 11 urte bitartekoek aukera izango dute hainbat ekintza egiteko: «gure abeletxeko animaliek neguan zer egiten duten behatuko dugu, Ipar Haizearen bisita jasoko dugu, neguko olinpiadetan hartuko dugu parte eta, nola ez, hotz handia bada, gure Haur Parkea eskura izango dugu».
Aurten, abenduaren 26tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 5era antolatu dituzte Negulekuak, eta oraindik, badago aukera izena emateko: erreserbak.ekogunea.eus.
Aurreneko tailerra asteburu honetan, tximeletan gertutik ezagutzeko
Dena den, ekintza gehiago ere izango dira, Gabonetan zehar, Kutxa Ekogunean. Horietako bat, asteburu honetan burutuko da: Ekoguneko beldarra. Larunbatean eta igandean, bina saio (bata, 12:30etan, eta bestea, 17:30etan) izango dituzte etxeko txikienek, tximeletak nondik jaiotzen diren ezagutzeko. Tailer honetan, «beldar baten transformazioa ikusi (bideoan) eta gero bere gorputza ezagutzeko aukera» izango dute haurrek.
Ez da, ordea, tailer bakarra izango; musikarekin lotura duen beste bat ere egingo dute, aurrerago. Xilofonoa beirazko potoekin egiten ikasiko dute 3 eta 12 urte bitartekoek, hiru egun desberdinetan: hilaren 23an, 27an eta 30ean. Kasu honetan ere, bi aukera izango dira: goizez, 12:30etan; eta arratsaldez, 17:30etan.
Musika tresnak eraikitzeko baliabide eta era desberdinak egon daitezkeela irakatsi nahi diete txikienei, munduan eta historian zehar egin den bezala: «Mundua oso anitza denez, lurralde ezberdinetako jendeak kantu eta erritmo ezberdinak egiteko tresnak sortu izan dira, horrela kultura ezberdinei izaera emanaz». Hori dela eta, tailer berezi honetan, «etxean hondakintzat ditugun materialak berrerabiliz sortuko ditugu musika tresnak».
Tailerretan izena aurrez ematea beharrezkoa izango da parte hartu ahal izateko. Horretarako bi bide daude: haurparkea@ekogunea.eus helbidearen bidez, edo www.ekogunea.eus web-orrian dagoen Erreserba Gunean.
Jostailuen trukegunea, gaurtik
Gaurtik aurrera, gainera, jostailuen trukegunea jarriko dute Ekogunean, haurrek Gabonetan opari jasotzen dituzten jolasak, berrerabili ahal izateko. Horrela, bizi berria emango diegu objektuei! Gure familiari asko eman ondoren, beste haur batzuei beste horrenbeste eskaini diezaiekete, oraindik ere, altxor txiki horiek.
Horrekin, trukean oinarritutako esperientzia zoragarri bat jasoko dute haurrek, eman eta jasotzea, biak gozagarri direla sentiaraziz, eta gauzak berri izate horri garrantzia kenduz.
Inuxente egun berezia, abenduaren 28an
Egun berezia izaten da oso abenduaren 28a, Inuxente Eguna, euskaldunontzat, eta gaztetxoenentzat are bereziagoa izatea nahi du Ekoguneak. Horregatik, «sorpresaz beteriko eguna» prestatu dute, «bihurrikeriak egiteko gogoa piztu» baitzaie.
Antzezlanak ere lekua, Gabonak bukatzeko
Animaliak neguan zer? ipuin antzeztuarekin emango zaio bukaera Gabonetako egitarau bereziari, urtarrilaren 4an. Horretarako, Ekoguneako iratxoa, Pittiki, izango da Haur Parkean bertaratuei hotzetik babesteko Eki eta beste lagun batzuek duten sekretua kontatzeko. Jakin nahi al duzu? Egun horretan bakarrik kontatuko du, arratsaldeko 16:30etatik 17:00etara. Gainera, familia osoak jakin dezake!