Kontu zaharra berri, orain ere Eguberri

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 16a, 01:00

Zaharrak berri esaten da sarri. Batzuetan tonu tristearekin, nobedade­-ren bat espero genuelako, eta besteetan, pozik, seinale izan baitaiteke, gauza onek bere horretan segitzen dutena.
Gabonak urtero ospatzen direla-eta, asko aldatu ote diren pentsatzen jarrita, hainbat oroitzapen ekarri zituzten gogora www.ahotsak.eus proiekturako, As­tigarragako Sabina Arruabarrena Oiar­za­balek, eta Hernaniko Juani Lujanbio Etxabek eta Juanita Izagirre Loiartek; az­ken hau, orain zazpi urte zendua. Gauza ba­tzuk dezente aldatu direla kontatzen dute: menuak, opariak eta ospaki­zu­naren bueltako bilkurak, adibidez. Baina, beste asko, beti bezala ospatzen segitzen dira Eguberrietan; kantuan, esaterako, ateratzen ziren etxez etxe eta baserriz baserri, eta orduko doinu eta letra asko iritsi dira gaur egunera ere! 

Sabina Arruabarrena Oiarzabal (Astigarraga, 1928)

«Gu ere ibiltzen ginen Gabonetan, baserritar jantzi eta xextoarekin kantuan»

Astigarragako plazan jaioa da Sabina Arruabarrena Oiarzabal, 1928an; Juananen hain zuzen, orduan Markosene bazen ere. Orduko Gabonetako hainbat kontu kontatu eta kantatzen ditu, ‘www.ahotsak.eus’ proiektuan bildu direnak.

Gabonetako hainbat ohitura ez dira askorik aldatu, Sabina Arruabarrena Oiarzabal astigartarrak kontatzen due­naren arabera.
Gerra Zibilean gerta zitekeenaren beldur, amak Markinara bidali zuen, ahizpa­rekin batean. Baina Astigarragan jaiotakoa da; plazako Markosene etxean, hain zuzen ere (egun, Juanane deitzen zaio, ama Juana zuela-eta). Eta bizi ere, Astigarragan bizi izan da ezkondu zenetik. Beste hainbat konturen artean, garai bateko Gabonak oroitzen ditu Sabinak www.ahotsa.eus webgunerako grabatutako bideoan, eta ez dirudi ohiturak asko aldatu direnik: kantuan, behintzat, aritzen ziren-eta.

Mezetara, gauerdian
Besteak beste, oilar meza edo gauerdiko meza, Misa del gallo oroitzen du. «24an izaten zen, gaueko 12:00etan. Erdi mozkorrak joaten ziren batzuk! Jesus! Meza hartan, meza eman, eta niño jesusi muxu eman, eta etxera. Hori batzuk, eta besteak... zurrutera!».

Kantuan eta eskean, «goiz asko aterata, etxetikan»
Bestalde, kantuan eta eskean ere ibiltzen zirela kontatzen du. «Gu ere ibiltzen ginen San Nikolasetan eta Erregeetan, eta Gabonetan ere bai, baserritar jantzi eta xextoarekin kantuan. Orduan sagar­dotegiak-eta, izaten ziren, eta kantatu eta gero denak biltzen genituenean eta partitzean, kontent! Batzuk intxaur ba­tzuk edo... Besteek gaztainak edo... Baina dirua ematen zigutenean, Jesus, Maria eta Jose! Bai bai, ibiltzen ginen herriko etxeetan eta baserriz baserri ere bai, goiz asko aterata, etxetikan». Eta baita kantuak ondo gogoratu ere, oraindik!

Ordainetan, karakolak eta aza-olioak!
Ondo kantatu ondoren, ordainik ere ez zu­­ten falta, noski. Otorduan nabaritzen zen Gabonak zirela, gauza askorik ez ba­zen ere, berezia izaten baitzen, behinik behin.
«Gabonetan izaten genun guk, karakola. Karakolik ez baldin bazegoen, ez zen Gabonik. Eta gero, aza-olioak aurrena, eta gero, xerra bat, ekartzen baldin bazuten, patata prejituekin, eta konpota. Ez zegoen gehiago!».
Baina izaten zen gehixeago, bai, oraindik ere zer ospatua geratzen baitzen, Gabon gauaren ondoren ere. Urte berriaren etorrera, berriro biltzeko aitzakia izaten zen. «Orain, afaldu eta denak kanpora; batzuk hara eta besteak bailera eta... Ez, ez. Orduan, ezta pentsatu ere! Afaldu eta ohera, hurrengo egunera arte! Igoal kartetan ibiltzen ginen, batzuk erdi lotan, eta aspertzen ginenean, ohera! Ez zegoen besterik!».

Muñeka, belar onduarekin sikiera...
Oraindik ere besterik bazen, ordea. Opariak! «Nere etxera Erregiak etortzen ziren». Eta baita detaileren bat utzi ere: «Na­ranja bat eta ilargiaren erdia da­goe­nean bezalako karameluak. Besterik ez! Ezer ez!».
Eta ordutik buruan dauka bueltaka, besterik ere jaso zezakeela... «Muñeka bat. Nere ahizpak gainera, zekiela josten! Belar onduarekin burua egin eta gero trapu batekin hankak eta... Neretzako muñeka bat ez dut ezagutu! Orain pentsatu egiten dut. Zer kostatzen zitzaion ahizpari!».  

SAN NIKOLAS TXIKIA

San Nikolas txikiya
gure ganbaran haziya,
gure ganbaran zer dago, 
andre Juana Maria.


Angelitos somos, 
del cielo bajamos,
una limosnita,
 ¡por amor de Dios!
¡por amor de Dios!


Ate txokuan oilo bi, 
batak bestia dirudi.
Etxe hontako etxekoandriak
Ama Birjiña dirudi.
Ama Birjiña! Ama Birjiña!
Zu zera zeruko erregiña!


HAU DA GABAREN ZORAGARRIA

Josetxo ekar zazu
auzotik esnia,
hau honi emateko
munduko legia.
Hau da gabaren zoragarria,
Jesus jaio da, Belenen!
Etxe honetan sartu ote da,
bila gabiltza beraren!

Juani Lujanbio Etxabe (Hernani, 1927)

«Erregietan gure amak jartzen zigun ikatza»

Altzako Akular baserrira ezkondu zen Juani Lujanbio Etxabe, baina Hernaniko Ibarluze baserrian jaioa da. Hain zuzen garai hartan Gabonak nola ospatzen zituzten jasota dauka `www.ahotsak.eus’ proiektuak. Oiloa prestatzen omen zuen amonak «ederki asko!».

Umetan Gabonak nola pasatzen zituen ederki asko gogoratzen du Ibarluze ba­serriko Juani Lujanbio Etxabek. Dezente aldatu dira gauzak, ordutik hona!

Oiloa, etxekoa
«Orduan, jeneralean destakatua izaten zen oiloa», kontatzen du Juanik, www.aho­tsak.eus proiekturako grabatu­tako bide­oan. «Gisatua gure amonak ederki asko jartzen zuen! Jesus! Eta gero, oilasko errea ere bai. Etxekoak denak! Eta gero, flana egiten zuen, eta gu kontentu! Jesus! Eta gero, arrozkonletxe!».

Ikatza jasota ere, pozik
Garai hartako Gabonetako menuaren eta oraingoaren artean badago diferentziarik, baina are gehiago, opariei begiratzen badiegu... «Erregietan gure amak jartzen zigun ikatza. Eta gogoratzen zen, guri ikatza jartzeko!», dio Juanik. «Gaizki portatzeagatik ez, ohitura zen. Berak esango zuen, hau debalde det eta... Orduan ez zegoen dirurik! Baina guri batere inportik ez. Gu feliz! Ni nere martxan amonarekin, asko maite nuen amona, ama... Mutilekin borrokan ibili eta... Errega­luak eta, ba!». 

Juanita Izagirre Loiarte (Hernani, 1921)

«Erregien erregalia izaten zen maxapana»

Gozorik ez zen falta izan Aparrain baserrian, Gabonetan, behinik behin. Horrela kontatu zuen bertako Juanita Izagirre Loiartek, ‘www.ahotsak.eus’-erako, duela 7 urte hil baino lehen. «Kajan izaten da, sugian formakoa, maxapana». Horixe jasotzen omen zuten opari, eta besterik ere bai, eskolan...

Muñekarik ez, bestelako opariak izaten zituzten Hernaniko Aparrain baserrian, bertako Juanita Izagirre Loiarteren arabera. Gehiago jotzen zuten gozoetara, eta egun batzuetan ixilik gorde behar izaten zuten, gainera, sugea ikusi zutela!

«Sugiaren formako maxapana»
«Erregietan bat izaten genun guk, erre­galo bat», kontatzen zuen Juanitak. «Ka­jan izaten da, sugia bezela, maxapana. Erregiak baino lehenago guk ikusia igoal edukitzen genuen etxean, eta esanez gero ez zirela Erregiak, ez ziguten emango gehiago eta, ixil asko egoten ginen! Gure Erregien erregalia hori izaten zen, maxapana, kaja bat, maxapana barrenen, sugian formako maxapana». 

Maistrak ere, erregaloa
Ez zen hori izaten, ordea, jasotzen zuten opari bakarra. «Muñekarik ez genuen guk izan», zioen, baina bai bestelakorik: «Mais­­trak ematen zizkigun eskolan, es­tutxe edo, gauza horiek. Bakazioak izaten zi­re­nean, aurretik jasotzen genituen». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!