«Jesus haurtxoa ere haunditu zaigu!»

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 16a, 01:00

Dozena inguru piezarekin jarri zuten aurreneko jaiotza, Atarrabiyo parkean, du­ela 22  urte, Iturritxo auzo elkarteko ki­deek, eta dagoeneko, ia 100 pieza badauzka. 
Pieza berri asko gehitu dituzte pixka­naka, urtero, eta zaharrak eraberritu ere bai. Baina 15 bat figura «primitibo» mantentzen dituztela diote.
Goizeko 09:00etan joango dira piezak furgonetan kargatzera, eta 10:00etan jarri dute zita Atarrabiyo parkean, mon­ta­jerako. «10-15 lagun biltzen gara nor­ma­lean, baina gehiago behar da. Gero luntxa izango da!», azaldu dute, ani­ma­tze­ko, Tomas, Lurdes, Anjel, Txelo eta Iñakik.

Umeekin egindako proiektua
«Parkean zerbait egiteko ideia izan genuen», diote, jaiotzaren sorreraz galdetzean. «Umeekin zerbait egin nahi genuen, eta horrela, paperean patroiak marraztu genituen, eta gero, brikolaje enpresa batean egur aglomeratuzko piezak egin, eta berriro ere denon artean margotu genituen: Errege Magoak, gameluak, oiloak...».
Horietako batzuk dagoeneko kendu egin behar izan dituzte. «Euria, elurra... denetik izan dugu, eta nahikoa eutsi diote!». Baina gaur egun, 85-100 pieza dauzkan jaiotza jartzen dute. «Berritzen hasi ginen. Auzo elkarteko kide baten anaia eta iloba ikaragarri inplikatu ziren, eta oso esku ona eta ideia zoragarriak, oso originalak dauzkate. Horrela, aurre­neko jaiotzaren aurrean Olentzero jarri genuen, eta baserria, oiloak, kaiolak arboletatik zintzilik, laborantza tresnak... Urtero berritzen eta piezak gehitzen aritu gara. Baina oraindik 15 bat figura primitibo badauzkagu!».

Herriko bakarrenetakoa
Guztia ilusioarekin egiten dutela diote, Iturritxo elkarteko kideek. «Pentsa, 22 urte dira jaiotza jartzen dugula, eta orain hiru urte haunditu egin genuen! Jesus haur­txoa ere haunditu zaigu!», egiten dute broma. Noski, errelebo eske ere ari bai­tira... «Pena da auzoko bizilagun ge­hia­go ez inplikatzea. Oraingoz, mol­da­tzen gara, baina jendea behar da proiek­tuarekin jarraitu ahal izateko. Herrian jar­tzen den Gabonetako jaiotza ba­ka­rre­ne­takoa da!».
Horregatik, berriro ere egiten dute deialdia, gaur montajean lagundu eta emaitza ikusteko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!