Argitasun eta kolore berezia hartzen dute herrietako kaleek, Gabonak iristen direnean. Forma bereziak eta kolore guztietako argiak dauzkaten apaingarriak zintzilikatzen dituzte, eraikin batetik bestera, festak girotzeko. Eta komertzioek ere, bereziki prestatzen dituzte eskaparateak, Gabonetako apaingarriekin.
Baina kaleetan bakarrik ez, etxeetan ere ohikoak dira apaingarriak, mota guztietakoak gainera. Klasikoak erabiltzen dituzte batzuek: egongelako txoko ikusgarrienean pinua jarri (naturala edo artifiziala), eta bolatxoz, girnaldaz eta argiz janzten dute. Etxeko beste hainbat tokitan zintzilikatzeko ere balio izaten dute bolatxo, girnalda eta argi horiek.
Eta zintzilikatzen hasita, Olentzero, Bizarzuri edota Errege Magoak balkoitik zintzilik jartzen dituenik ere bada...
Zientoka apaingarri eskuz egiteko ideiak, interneten
Beste askok, ordea, originaltasuna bilatzen dute, eta horretarako, apaingarriak etxean eta eskuz egitea izaten da ohikoena. Inguruan galdetuta, ziur badela inor horrelakorik egin duenik, eta ideia politen bat emango digunik.
Baina internetek ere, aukera ederra emango digu horretarako. Bilaketa azkar batekin, zientoka ideia lortuko ditugu, mota guztietako apaingarriak egiteko, gauza arraroenekin: kartoia, papera... erabilita egin ahal izango ditugu zenbait, baina topatuko ditugu garagardo zein sardina latekin, botilekin, kortxoekin... egindakoak ere. Eta polit askoak dira batzuk! Begiratu bat eman eta harrituko gara ikusitakoarekin!
Hernaniko Udal Liburutegiak zuhaitz berezia, lehiaketa eta guzti!
Ideia originalen bidetik jo du, adibidez, Hernaniko Udal Liburutegiak. Gabonetako zuhaitz berezia jarri du, Hernaniko argazkiekin osatutakoa. Argazki zaharrak dira gehienak, herriko txokoak eta pertsonaiak erretratatzen dituztenak.
Baina zuhaitz originalari, joku gehiago ere eman nahi izan diote! Argazki horiekin, lehiaketa antolatu dute. Zazpi galdera prestatu dituzte, Hernaniri buruzkoak, eta guztiak asmatzen dituztenen artean, lau sari zozketatuko dituzte: Balantxa, Elkar, Gaueko eta Leokadistin erabiltzeko 40 euroko bono bana. «Zatoz liburutegira zuhaitza ikustera, eta parte hartu!», animatu dituzte herritarrak. Etxea apaintzeko ideia bat ere, hortxe!