Emakumeon Plaza berritzea izango da, 2018an, Udal Gobernu Taldearen helburuetako bat. Hala jakinarazi du egun hauetan, prentsa ohar bidez: «Udalak plazaren birmoldaketa urbanistikoa egingo du, zonaldea birgaitzeko asmoz, oso hondatuta baitago», azaldu du Gobernu Taldeak.
Baina berritu bakarrik ez, «identitatea» ere eman nahi diote: «erreformatik haratago, identitate propioa eman nahi diogu Emakumeon Plazari».
Joan den urtean inauguratu zuten Emakumeon Plaza, izen berriarekin, emakume astigartarrak omentzeko, «gobernu jeltzaleak berdintasunarekin daukan konpromisoaren erakusle». Eta orain, azaldu dute, obratik haratago joatea «ezinbestekoa» ikusten dutela, «espazio atsegin bat sortzeko, emakumeen arteko bilgune izango dena; eta pasatzeko toki bat izateko, alde zaharreko plaza garrantzitsuenetako bi lotuko dituena: Joseba Barandiaran eta Pentagono plazak», azaldu dutenez.
Harremanetan, arkitekto espezialista batekin
Dagoeneko jarri dira harremanetan, genero gaietan aditua den arkitekto batekin, obraren aholkulari lanak egiteko. Eta aurreratu dute, urte hasieran partehartze prozesu bat egingo dutela, herritar nukleo desberdinekin, «erabakitzeko nolakoa izango den astigartar guztion Emakumeon Plaza».