Kirolak eta jolasak hartuko dute protagonismoa, aurten ere, Gabonetako oporraldian. Denetik antolatu dute, haur eta gaztetxoek gozatu ederra hartu dezaten: datorren ostiralean hasi eta urtarrilaren 5era arte, izango dute ekintzarik.
Hain justu, ostiraletik aurrera, Neguko Kirol Astea antolatu dute, kiroldegian. Eta horretan, kirol ezberdinak probatzeko aukera izango dute, nahi duten guztiek, haur, gazte zein heldu. Ostiral arratsaldean bertan, judoa, zunba eta jump fit egiteko aukera izango dute haurrek; eta helduak, berriz, jump, aeropilates, ziklo indoor eta hiit egiten jarriko dituzte.
Eta hortik aurrera, Inuxente Krosa izango da larunbatean, eta eskubaloia, saskibaloia eta futbola probatzeko ate irekiak, hurrengo astean. Pilota Festarekin emango diote amaiera, aste intentsoari.
Baina kirolerako bakarrik ez, jolaserako tartea ere izango da. Abenduaren 26tik 29ra, eta urtarrilaren 2 eta 4an, jolas aretoa zabalik egongo da kultur etxean, mota guztietako makina, joku eta jolasekin. Eta kiroldegian, Jolas Txiki ere egingo dute, joku ezberdinekin.
Olentzero eta Maridomingi, Santiomenditik behera
Baina kirol eta jolasen aurretik, San Tomas azoka jarriko dute gaur, Foru Plazan, 10:30etatik 13:30etara bitarte.
Bihar, berriz, Gabon kanta eta doinuen emanaldia eskainiko dute musika eskolako ikasleek eta Aiztondo abesbatzak, 11:30etan Andre Mari elizan.
Eta abenduaren 24an, Olentzero eta Maridomingiren zain egongo dira astigartarrak. Eguerdian iritsiko dira, Santiomenditik behera, gutunak jaso eta goxoki eta opariak banatzeko.
GABONAK ASTIGARRAGAN
Gaur, larunbata
10:30-13:30, San Tomas azoka, Foru Plazan: ikasleek egindako gozoak, nazioarteko postreen dastaketa, garai bateko argazki, eskulan zein baserritar jantzien erakusketak, txistularien kalejira, kantu jaialdia, ikasleen taberna... 13:30etan, txerritxoaren eta saskien zozketa.
Bihar, igandea
11:30, Gabon kanta eta doinuen emanaldia, Andre Mari elizan. Norberto Almandoz musika eskola eta Aiztondo abesbatza.
Etzi, astelehena
19:00, Biolin, piano eta zeharkako txirula ikasleen emanaldia, Musika Eskolako aretoan.
Neguko Kirol Astea, kiroldegian
Abenduak 22, Haurren judo, zunba eta jump fit erakustaldiak, 16:30etatik 18:00etara. Eta helduentzako jump, aeropilates, ziklo indoor eta hiit saioa, 18:00etatik aurrera. Izenematea abenduaren 22ra arte, kiroldegian.
Abenduak 23, Inuxente Krosa, 4 urtetik gorakoentzat. Izenematea 22ra arte, kiroldegian.
Abenduak 26, Eskubaloia probatzeko ate irekiak.
Abenduak 28, Saskibaloia probatzeko ate irekiak.
Abenduak 29, Futbola probatzeko ate irekiak.
Abenduak 30, Pilota Festa, goiz eta arratsalde, Txomiñene frontoian.
Abenduak 24, igandea
12:00, Olentzero eta Mari Domingiren iritsiera. Santiomendiko baserrietan ibili ondoren, Santio zeharbidetik behera jaitsi eta herriko kaleetan zehar ibiliko dira.
Jolas aretoa
Abenduak 26-29 eta urtarrilak 2 eta 4, kultur etxean. 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30etara. Sarrera irekia eta doakoa.
Jolas Txiki
Abenduak 26-29 eta urtarrilak 2-5, kiroldegian: joku didaktikoak, lankidetzakoak eta taldekoak. 2-5 urteko haurrentzat, 10:00etatik 13:00etara. Atzo bukatu zen izena emateko epea.
Futbol Kanpusa
Abenduak 26-29, Zarkumendegin. 7-11 urtekoentzat, 10:00etatik 13:00etara. Atzo bukatu zen izena emateko epea.