Protagonismoa izango du antzerkiak, egun hauetan, Astigarragan: emanaldi bat eskainiko dute gaur, eta beste bat asteartean.
Ez dok hiru izango da gaurkoa, Tartean antzerki konpainiaren eskutik. Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek, Euskal Herriko imajinario musikalaren errepaso ironiko, absurdu eta dibertigarria egingo dute, euskal musikaren benetako historia kontatuz. Zuzeneko musika ere izango du antzezlanak, hiru aktore-musikari egongo baitira taula gainean. 20:00etan izango da, kultur etxean; eta sarrerak bertan jarriko dituzte salgai, ordubete lehenago, 6 euroan.
Kronikak, sarrera bikoitz bat zozketatu du, eta Harkaitz Galarraga izan da irabazlea.
Haurrentzako antzerkia, astearte goizean
Desberdina izango da astearteko antzerki saioa. Zapata gorridun mutila eskainiko du Ados Teatro konpainiak, Herri Eskolako LH5 eta LH6 mailetako ikasleentzat. Kultur etxean izango da hori ere, 11:00etan, eta Udaleko Hezkuntza Sailak antolatu du saioa, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.
Antzezlanak kontatuko du, mutilei gustatu ohi zaizkien gauzak gustuko ez dituen mutiko baten istorioa. Helburua da, laguntzea aniztasuna ulertzen, gizartearen elementu aberasgarri gisa.