Delorean talde zarauztar arrakastatsuak kontzertua eskainiko du gaur, 22:30etan, Biteri Kultur Etxean. Oraindik ere baliteke sarrerak lortzea kultur etxean, 7 euroan. Atzo goizean, 50 sarrera inguru geratzen ziren saltzeko. Bartzelonan bizi diren musikarien azken lanak Mikel Laboa du izena.
Laboaren jatorrizko grabaketetako pistak erabilita, Delorean taldeak, lengoaia bizkorra bezain bizia erabiliz, unibertso berri bat moldatu du, Mikel Laboaren arimaren beroa eta kantuen dohaia bazterretan zabaltzen lagunduko duena.
Orain hilabete bat jarri zen diska salmentan, Kantuz abestiarekin batera, eta kritika eta erantzun ona eduki du; eta orain, herriz herri dabiltza, lana aurkezten zuzenean.
Urtarrilaren 5ean Astigarragan entzuteko aukera egongo da. Errege bezperan, musikak eta sagardoak bat egingo dute Petritegi sagardotegian, Musik&Txotx jaialdian.
Pop-rock elektronikoaren eszenan dagoen talderik entzutetsuenetakoa da Delorean. Diskotik-diskora eboluzionatzen joan den estiloa da jotzen duena. Disko ezberdinetan honako musika estiloak nahastu ditu bandak: alternative, electro, techno, indie, after-punk, new wave eta house-a besteak beste.
Horrela, Mikel Laboa aurrerapauso bat da Delorean taldearen esperimentazio bidean, «taldeak bide berriak urratzeko eta, zergatik ez, emozio berrietan murgiltzeko duen bokazioan».