«Finala iristeko gogoz eta saio eder bat osatzeko irrikaz», Hernaniko Bertso Eskolako lau finalistak

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 14a, 01:00

BERTSOLARI  Txapelketa Na­gu­sia amaierara iritsiko da igandean, Barakaldoko BECen jokatuko den finalarekin. Eta bertan izango dira Hernaniko Bertso Esko­lako lau bertsolari: Maia­len Lujanbio, Unai Agirre, Beñat Gazte­lumendi eta Aitor Mendiluze. Zortzitik erdiak, ez da marka makala. Eta horie­tatik bi, Maialen Lujanbio eta Unai Agirre, hernaniarrak. 
Aurrez, finalistak pren­tsa­urrean elkartu ziren, pasa den asteartean BECen bertan, Eus­kal Herriko Bertsozale El­kar­teko lehendakaria den Iñaki Muruarekin, eta Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Eus­kara eta Kultura diputa­tuarekin.
Hiru egun baino ez dira falta, duela ia hiru hilabete abia­tutako bideari azkena ema­te­ko. Bertsolari Txapelketa Na­gu­­siaren finala jokatuko da igandean, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC), eta prentsaurrean bertan eman ziren saioaren inguruko xehe­tasunak. 
Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehen­da­kariak eta Lorea Bilbao Biz­kaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak eman zituzten azalpenak, igan­de­rako sailkatu diren zortzi bertsolariekin batera: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gazte­lumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre.

«Ohore bat da, eta gogo haundia det final hontarako»
Hernaniko Bertso Eskolako lau bertsolariak daude igandera be­gira. Berria izanagatik, finalean ez da gazteena Unai Agirre. «Finaleko zaharrena naiz, baina lehen finala izanda helbururik lausoenak ere se­gu­ru asko nik dauzkat.  En­tzun izan det txapelketa hontan, eta nik hala pentsatzen det, txapela bakarra izanagatik,  txapelketa batek sari gehiago izaten dituela, eta nik sari horietako bat lortu det, final hontan egonda. Neretzako oho­re haundi bat da, eta gogo haundia daukat final hon­tarako, baina egia da saio do­tore bat eginda bukatu nahiko nukela. Ze sari horrek, bes­te­lako kolorea izango luke».
«Final borobila, gozagarri hori eta gozarazle hori bila­tzeko gogoarekin» igoko da oholtzara, Aitor Mendiluze andoaindarra.
Beñat Gaztelumendi añor­gatarra igandea iristeko gogo biziz dago. «Bertsotan egiteko gogoa daukat. Gaiei ertza bi­la­tzera, gaiak lurrera ekar­tzera, gaiei sensibilidade berri ba­tzu­etatik edo ahal den dife­ren­te­netatik heltzera joango naiz», aurreratu zuen. 

«Ideiak eduki ditzagula, de­nen artean saio eder bat osa­tzeko»
Maialen Lujanbiok badaki txa­pela janztea zer den. Orain zortzi urte bilakatu zen aurre­ne­ko emakume bertsolari txa­pel­duna, Txapelketa Nagusian. «Neurtu ezin den lanbro hor­tan guk, bakoitzak, ahal degu­na jarriko degu, bakoi­tzak na­hi duen puntu hori bila­tzeko. Baina neurtu ezin den lanbro anbiguo hortan nik eskatuko nuke argitasuna eta zorroz­tasuna. Ideiak eduki di­tzadala eta eduki ditzagula denok, denen artean saio eder bat osatzeko».
Egun horretan eduki dezaketen aldartea ere aipatu zuen Lujanbiok, bere agerral­dian. Hori ere garrantzitsua izaten baita. «Hau ez da matematika, ezta kirola ere. Eta aldarte ona edukitzea beharrezkoa da».  

«Pozgarria da jendeak erakutsi duen irrika»
14.600 lagunek jarraituko dute finala bertatik bertara: «Poz­ga­rria da jendeak finalean ego­teko erakutsi duen irrika. Euskal Herrian dagoen areto es­ta­lirik haundienean egingo dugu; zoritxarrez ez da bertsozale guztientzako leku­rik, baina pozik gaude zaleen erantzunarekin», azaldu zuen Muruak. Finalaz harago, bertsozaleek txapelketa osoan zehar «primeran erantzun» dutela gaineratu zuen.
Txapelketa Nagusiak zazpi herrialdeak lotu ditu, eta «ho­rre­la, herri euskaldunek eta ez hain euskaldunek, bertso­za­leek eta ez hain bertsozaleek hartu dute txapelketa. Bestela bertsolaritza nekez ailegatuko zen eremuetara eta jendearen­ganaino iristeko balio izan du», azaldu zuen Muruak. 
Horietan guztietan, elkarla­nean aritu da Bertsozale Elkar­tea, tokian tokiko eragileekin. Bestalde, elkarteko langileena ez ezik, ezinbestekoa izan da bo­rondatezko lantaldearen ekar­pena.
Partehartzaileen lana ere goraipatu du Muruak: «Ohol­tzatik, bakoitzak beretik, ekar­pen asko eta askotarikoak egin zaizkio bertsogintzari; bertso­gin­tza izaten ari da txapel­ketaren ardatza».

Sebastian Lizaso, ­­txapel-jartzaile
Aurten, Sebastian Lizaso azpei­tiarrak jantziko dio txapela irabazleari. Joxe Lizaso aitaren eraginez txikitatik bertso gi­roan hezia, 1986an izan zen txa­­peldun, eta txapeldunorde 1989­an eta 1997an. Azken urte­etan bera da plaza gehien egiten dituen bertsolarietako bat.

Nazioarteko begirada, Mintzola Terrazatik
Euskaldunik ez den bertso­za­lerik izango da BECen, igan­dean. Mintzola Ahozko Lan­tegiak gonbidatuta, mundu oso­ko aditu eta arituak izango dira, beraientzat propio aton­dutako Mintzola Terrazan: ikertzaile eta ahozko kantu inprobisatuko sortzaileak ez ezik, atzerriko hedabideak ere izango dira gurean.

Telebistaz eta ‘Bertsoa.eus’ atarian, zuzenean
Bestalde, aretorako sarrerarik lortu ez duenak ere izango du finala jarraitzeko aukera, hainbat hedabideren lana tarteko: Bertsoa.eus atarian zein ETB1en, zuzenean ikusi ahal izango da saioa, Aitzol Barandiaranek eta Ilaski Se­rra­nok aurkeztuta, eta Uxue Alber­diren iruzkinekin.
Antolakuntzari dagokionez, Muruak zehaztu duenez, baz­ka­riko tarterako egokituko dute BECeko seigarren pabi­loia. 600 per­tsonak izango dute bertan katerin enpresa batek prestatutakoak jateko auera, eta mahaiak eta aul­­kiak ere jarriko dituzte janaria etxetik daramate­nentzat. 
Haurtzaindegi zerbi­tzua ere eskainiko da, eta autobus zer­bi­tzua ere martxan dutela zehaztu du. Elkartearen web­gunean zehaztuko dira zer­bitzu horren nondik nora­koak, egunotan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!