Hamaika urte beteko dira, bihar, Kontrakantxa gaztetxeak ateak ireki zituenetik; eta ospakizun horren bueltan, egitarau berezia antolatu dute biharko. Eragile desberdinak elkarrekin aritu dira lanean, eta Hernani Solidarioa egitasmoa antolatu dute. Honela, kantautoreen emanaldia izango da gaztetxean bertan, arratsaldeko 19:00etan, hasita.
Julian Rodriguez kantautore kolonbiarrak bakeari abestuko dio eta berarekin batera arituko dira El Salvadorreko Txanba Payés poeta eta kantautorea eta Ali Salem idazle sahararra.
Bizikidetza bultzatu nahi dute elkarte desberdinek Etorkinen Eguna dela eta
Abenduaren 18a Etorkinen Eguna da eta pasa den abenduaren 10ean Giza Eskubideen Eguna ere bai. Bi egun hauek aitzaki hartuta elkartuko dira Kontrakantxan elkarte desberdinak.
Kontzertuaz gain, manifestu baten irakurketa egingo da. Bizikidetza, elkarbizitza bultzatu nahi dira eta parte hartuko duten eragileak: Stop Desahucios, Atawafok, Gaztetxe Kontrakantxa, Gazte Bizilagunak, Bilgune Feminista, Berdintasun Kontseilua, kooperazioa eta Ahmer besteak beste.
Urteurrenaren ospakizuna larunbatean
11garren urteurrenaren ospakizun haundia larunbatean izango da. Drogarik gabeko eguna izango da, «egungo jai ereduari, kontsumo ereduak eta bertan sortzen diren menpekotasunen beharretan oinarritzen diren harremanak kapitalismoa indartzen duten ereduak dira». Horregatik alternatiba proposatu nahi da. 10:00etan maskulinitate tailerra egongo da eta ondoren, 14:00etan, elkartruke bazkaria (bakoitzak etxetik ekarri eta denen artean elkarbanatu). Arratsaldean, 17:00etan tribial jokura jolastuko da; eta azkenik, 22:00etan dantzaldia egongo da, gazteek gozatu dezaten.