Ezin zuen bukaera okerragoa izan, Mundarrok 2017an Zarkumendegin jokatuko zuen azkeneko partiduak. Ostadarren kontra galdu zuten moreek, azkeneko sailkatuaren kontra (0-3), modurik gogorrenean gainera.
Izan ere, aukerarik eta distirarik gabeko aurreneko zatiaren bukaeran, partidua baldintzatuko zuena gertatu zen: epaileak Mundarroko Mateos kaleratu zuen, bost minututan bi txartel hori erakutsita.
Hori horrela, lan gehiago egin behar izan zuten astigartarrek; baina hala ere, ondo hasi zuten bigarren zatia, eta faltak zein kornerrak ere izan zituzten, gola egiten saiatzeko. Pixkanaka nekea nabaritzen hasi ziren, ordea, eta kontrarioak hartu zuen baloiaren jabetza; aukera garbirik gabe, hori bai. Baina 15 minutu falta zirenean, ez zuten huts egin lasartearrek, eta 0-1 jarri ziren markagailuan. Kolpe gogorra izan zen Mundarrorentzat, eta behera egin zuen, beste bi gol jasoz bukaeran.