Gurutzeta sagardotegiak hartuko du aurten, txotx denboraldiaren irekiera. Urtarrilaren 17an izango da, eguerdi partean; eta «gure sagardo berria!» oihukatu ondoren, dastatuko dute 2017ko uztaren sagardoa.
Hain justu, larunbatean aurkeztu zituzten, aurtengo sagardoaren ezaugarriak. Donostiako Bulebarren izan zen hori, Sagardo Apuruaren barruan; eta bertan izan ziren Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko sagar eta sagardo elkarteetako ordezkariak: «laburbilduz eta orokorrean, 2017ko uztako sagardoa da aroma aldetik freskoa, sagar eta lore usainekoa, estruktura eta gorputz orekatukoa, eta txinparta finekoa».
13,2 milioi litro sagardo, eta %85 bertako sagarra
Sagardo horren milioika litro daude, dagoeneko, Euskal Herriko sagardotegietako kupeletan; 13,2 milioi litro, zehazki, eta horietatik 12,2 Gipuzkoan. Aurkezpenean nabarmendu zuten, gainera, oso sagar urte oparoa izan dela; «sagar asko, kalibre ederrekoak, eta errendimendu ona eman dutenak». Hori horrela, erabilitako sagarraren %85 izan da bertakoa, eta %15 ekarri da kanpotik.
Sagardoa Route, sagardoaren inguruko eskaintza bilduz
Larunbatean aurkeztu zuten, baita ere, Sagardoa Route proiektua, sagardotegien etorkizuna lantzen duena. Bertan bildu dituzte, sagardoaren inguruko esperientzia eta eskaintzak, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 59 sagardotegirenak.
Bide horretan jarri dute martxan www.sagardoa.eus ere, eta bertan egin daitezke esperientzien zein sagardotegien erreserbak, erosketak...