Ez zen plenorik izan atzo, Astigarragako udaletxean, urtarrilera atzeratu baitzuten, 2018ko Udal Aurrekontuak onartzeko ezohiko bilkura. «Plenoa atzeratzea erabaki dugu, gobernu jeltzaleak bermatu egin nahi duelako, oposizioak aportazio, kritika eta hobekuntza lana egitea aurrekontuei», arrazoitu dute Gobernu Taldetik.
Aurrekontuen onarpena jasotzen zuen plenoak, gai-ordenean, baina puntu hori kentzea eskatu zuen EH Bilduk, salatuz ez dela epea zabaldu, oposizioak emendakinak aurkezteko. Gobernu Taldeak azaldu du, «emendakinak eta alegazioak aurkezteko epeak bateratzea» erabaki zuela, 2018ko proiektuetan ahalik eta azkarren hasteko lanean: «baina EH Bilduk araudia behartu du, prozesua geldiarazi arte».
EH Bildu: «EAJren jarrera, autoritarismo ekintza onartezina izan da»
Aurrekontuen onarpena bertan behera uztea eskatzearekin batera, idazkariaren eta kontuhartzailearen txostena ere eskatu zuen EH Bilduk, zehazteko legez kanpokoa zela prozesua. Plenoa atzeratuko zela jakin eta berehala, bere balorazioa egin zuen EH Bilduk ere: «txostena ez da oraindik egin, baina badirudi arrazoi genuela; batik bat, nahiko argi dagoelako, hasierako onarpenaren ondoren ezin genuela emendakinik aurkeztu. Hala ere, txostenak argituko du guztia, hurrengoetan berriro errepikatu ez dadin».
Baina haratago ere joan zen EH Bildu: «leialtasunez jokatu dugu batzordean, prozedura honen legalitatea zalantzan jarriz; baina EAJk aurrera egitea erabaki zuen, berriro ere, aurrekontuen onarpena bi aste aurreratzeko aitzakiarekin. Bere jarrera argi eta garbi azaleratu da; onarpena bi aste aurreratzeko, kapaza da oposizioari emendakinak egiteko aukera ixteko. Autoritarismo ekintza onartezina izan da. Oso larria da alkatearen eta ogasun zinegotziaren jarrera; eurak izan dira gaia honaino eraman dutenak. Inoiz ez da pleno bat bertan behera utzi, oposizioak txosten bat eskatu izanagatik. Ardurak eskatuko ditugu», aurreratu dute.
Eta gaineratu dute: «Astigarragak aurrera egin dezan, oztopo nagusia bilakatu da EAJ. Herritarren interesen defentsa lehentasun izan beharrean, EH Bilduren kontrako obsesioa du bere gidalerroa». Eta azaldu du, dagoeneko emendakinak prestatzen ari dela, «herria eta herritarren interesak hobeto babesteko».v