Ikusmin haundia piztu zuen Goizuetan, aurreko asteetan, Katarrapikaka! lehiaketak. Eta nabaria izan zen hori, larunbatean: jendez bete zen udaletxeko ganbara, lehiaketa ikusteko. Giro ederra izan zen bertan, eta ikusleen barre algarak piztu zituzten 12 partehartzaileek, Zuriñe Lujanbio eta Fernando Goia aurkezleek, eta egin zituzten probek.
Hiru kideko lau talde aritu ziren, mota guztietako probak egiten; guztiak, herriko historiari, etxeei, ohiturei edo jolasei buruzkoak. Aurrena, galdera bidezko probak izan zituzten, bi aukeraren artean erabakitzekoak, bakarka zein taldean. Eta gero, mimika probak izan zituzten, eta baita begiak estalita gauzaren bat ikutu eta asmatzekoak: taloa, ikatza eta joarea izan ziren gauza horiek. Publikoak ere hartu zuen parte probaren batean. Ikusle bat trikitixaz Zahagi Dantza jotzen ere jarri zuten, eta lehiakidea dantzari!
Joango al dira irabazleak Kubara, 300 eurorekin?
Bi talde iritsi ziren finalera, eta bertan, Goizuetako hitzak (betutxa, alondoa, terrala, azeripataioa, alkatea, zipota...) zegokion alorrean kokatu behar zuten: tresna, animalia edo natura.
Azkenean, Alaitz Eskudero, Ane Taberna eta Maialen Apezetxea izan ziren irabazle, eta aurreratu zuten, sariaren 300 euroekin, Kubara bidaia egin nahi dutela berriro... Iritsiko ote zaie?