Hitzaldia eskainiko dute Euskeraren eboluzioa Hernanin izenburupean Aztiker Soziologia ikerguneko Iñaki Ruiz de Pinedok eta Ekhi Zubiriak gaur, Udalak eta Euskara Ari Du elkarteak antolatuta. Bertan, Hernaniko datu soziolinguistikoen irakurketa eskainiko dute, 19:00etan, Biterin.
Azken urteotan euskarak Hernanin izan duen eboluzioa aztertu duzue. Zein dira ondorio nagusiak?
Euskararen ezagutzak salto handia egin du aurrera. 1981ean hernaniarren %39 zen elebiduna eta batez ere zaharrenek jakin eta erabiltzen zuten euskara. Gaur egun %60 inguru da elebiduna eta belaunaldi gazteak dira gehien jakin eta erabiltzen dutenak.
Erronka erabileran dago. Azken urteetan gutxi gorabehera mantendu egin da etxeko eta kaleko erabilera, %30-40 artean. Bidegurutze horretan kokatzen da Hernani, beste udalerri asko bezala, eta erabileran eragiteko tresnak martxan jarri behar dira.
Hernanin ere koska handia dago ezagutzaren eta erabileraren artean. Nola ulertu daiteke hori?
Euskararen ezagutza geroz eta handiagoa da, baina erabilera bere horretan mantentzen da. Arrazoi asko daude horren atzean; inertziazko hizkuntza ohiturak, gaztelania gehiago menperatzea, etab. Gainera, etxe askotan kideren bat erdalduna da eta horrek eragiten du familia osoak gaztelaniara jotzea, nahiz eta agian kide hori euskara ulertzeko gai izan.
Izugarrizko aukera daukagu ikusita zenbat elebidun dauden, izan ere, hernaniarren %80k euskara ulertzen du. %60 hitz egiteko gai da eta beste %20 inguruk ulertzen du. Hori jakinda errazagoa da hizkuntza ohiturak aldatzen hastea.
Populazioaren zahartzeak ba al du eraginik hizkuntzaren erabileran?
65 urtetik gorako hernaniarren erdiak baino gutxiagok daki euskara (%43), eta erabilera %13koa da. Gutxik dakite, eta erabiltzeko aukera are eta gutxiago dute. 15-34 urteko gazteen %70ak daki euskaraz eta %31koa da erabilera.
Herriko etxe gehienetan gaztelania da nagusi. Zergatik gertatzen da hori?
Hernaniko etxeen hamarretik lautan erabitzen da euskara (%26n ohiko hizkuntza da eta %14an hizkuntza konpartitua gaztelaniarekin). Gainera, ehunekoa jaisten ari da azken urteetan, gaztelaniaren mesedetan.
Euskararen beherakadaren arrazoi garrantzitsuenetako bat lehen aipatu duguna da: hau da, etxe askotan, batez ere adinekoak bizi direnetan, beti dagoela gutxienez pertsona bat euskaraz hitz egiten ez dakiena. Herritar gazte askok eskolan ikasi dute euskara, baina haien etxeetan hizkuntza nagusia edo bakarra gaztelania da. 65 urtetik gorako herritarren erdia Espainiako Estatuan jaiotakoa izanda, gaur egun guraso direnen erdiek beren lehen hizkuntza gaztelania izan dute, gaztelaniaz egin behar izan dituzte beren ikasketak, eta, nahiz eta bigarren belaunaldikoen seme-alabak euskarazko ereduetan eskolaratuak egon eta euskaraz ikasi, etxeko inertzia horrek jarraitzen du. Hain zuzen, azken urteotako ikerketen arabera, etxeko hizkuntzak eragin handia duela etxetik kanpoko hizkuntza jokabideetan ere.
Auzoen artean ere desberdintasun handiak daudela diote kale-erabileraren neurketek...
Hala izan da neurketa guztietan. Ereñotzuk ematen du erabilera altuena dudarik gabe, %90 ingurukoa. Batez bestekoa %30 ingurukoa da. Bestetik, ezberdintasunak ikusten dira erdialdea eta auzoen artean. Erdialdean euskararen ezagutza altuagoa da eta erabilera ere hala izan ohi da.
Aurrera begira kontuan hartzeko bi-hiru gako.
Aurrera begira garrantzia handia ematen diogu etxeko hizkuntza ohituretan eragiteari. Beste gauza askotan bezala, etxean egiten duguna errepikatzen dugulako kalean.
Horrekin lotuta, helduen euskara erabileran beheranzko joera agertzen da. Hori nabarmena da batez ere beren artean daudenean, haurren presentziarik gabe.
Era berean, kontuan hartu behar da antolaketa urbanistikoa ere. Non bizi dira Hernanira iristen diren migratzaile berriak? Eraikitzen diren etxebizitza berriek zein jende erakartzen dute eta zein dira haien hizkuntza ohiturak? Auzoetako bizitzan txertatu behar da euskara, espazioak sortu behar dira horretarako. Bestela nolabaiteko ‘guetto’ak sor daitezke hizkuntzari dagokionez.