Tolosarra da jaiotzez Maixa Zugasti, baina hamazazpi urte daramazki Hernanin bizitzen. Eta hemen pasatako istorio bat da, hain zuzen, XLII. Irun Hiria saria jaso berri duen L.A.A eleberriaren abiapuntua: «Hernaniko emakume batek deitu zidan laguntza eske, gizonak jipoitu zuela esanez. Eta lagundu genion medikutara, ertzainetara...».
Gertaera horrek pentsarazi zion, izan ere, «erakundeak-eta badoaz poliki-poliki aurrera, baina denok ez badugu zerbait egiten horrelako gertaeren aurrean...».
Eta horrela bururatu zitzaion, hain zuzen, eleberri sarituaren ideia: «bertan irudikatzen da argi eta garbi biktimaren psikologia, erasotzailearena... azken finean, liburua sentsibilizatzeko modu bat da», dio Zugastik berak.
Martuteneko kartzelako langile bat, protagonista
Egitazko gertaera hori kontuan hartuta, beraz, osatu du fikziozko istorioa Maixa Zugastik: «indarkeria matxistaren inguruko thriller psikologiko bat da. Hain zuzen, Martuteneko kartzelan lan egiten duen emakumezko psikologo bat da protagonista, eta han aurkituko du gizon bat preso dagoena». Azaldu du, testuinguru horretan, hiriak, ibaiak... garrantzia haundia hartzen dutela.
Epaimahaiaren garrantzia
Aurreko ostiralean, hilaren 1ean, jaso zuen saria egileak, eta oraindik hunkituta hitz egiten du: «sariak garrantzia haundia dauka literatura munduan daukan prestigioagatik. Baina niri ilusio berezia egiten dit saria ematen duen epaimahaiagatik: Felipe Juaristik, Marijo Olaziregik, Jon Martin Etxebestek, Jon Kortazarrek eta Arantxa Urretabizkaiak osatzen dute».
Ez hori bakarrik; eleberria argitaratzeko aukera eman dio Irun Sariak Maixa Zugastiri, eta dagoeneko aurkitu daiteke L.A.A. ohiko liburu-dendetan.
Gainera, Zugasti pozik dago, «sariari esker Ereinek [argitaletxeak] ateak ireki dizkidalako, eta udaberrian argitaratuko didalako beste eleberri bat: Sotto Voce, Gerra Zibilari buruzko nobela bat».
«Zerbait egin behar da!»
Eta horregatik guztiagatik eskerrak emateko aprobetxatu zuen sari-banaketa Zugastik, baita gaiaren garrantzia aldarrikatzeko ere. Izan ere, berak dioenez, gaia lantzea ezinbestekoa da, are gehiago, momentu honetan: «azken asteotan hautsak arrotzen ari dira: Manadaren epaiketa dago, jakin da iaz baino emakume gehiago hil direla aurten... Zerbait egin behar da!».
Eta bide horretan, bereziki azpimarratzen du Zugastik Hernanin lan asko egiten dela: «gauza garrantzitsu asko egiten ari dira Arremanitzekoak, adibidez; izugarrizko lana egiten dute ikuspegi baikorretik eta mutilak ere inplikatuz».
«Azken asteotan hautsak arrotzen ari dira: Manadaren epaiketa dago, jakin da iaz baino emakume gehiago hil direla gaur... Zerbait egin behar da!»
Hurrengo lana prestatzen
Momentu oparoa bizitzen ari da, beraz, Maixa Zugasti: eleberri sariduna argitaratu berritan, eta beste bat, labean sartzeko prest... Baina ez hori bakarrik, hurrengo istorioa prestatzen harrapatu du sariak: «Hernanin kokatuko dut, nire haurtzaroko irudi batzuekin antzekotasunak dituelako: eskola bat, adinekoen egoitza ondoan...», aurreratu du.
DATU INTERESGARRIAK
- Argitaletxea: Algaida
- Urtea: 2017
- Orri kopurua: 152
- Sinopsia: Donostian kokaturiko thriller psikologiko honek egileari jazotako gertaera hunkigarri batzuk ditu abiapuntu. Duela urte batzuk, emakume batek laguntza eskatu zion. Senarraren jipoiak eragindako ubelduz beteta agertu zen, heriotza mehatxuaren pean, erabat izuturik. Errealitatean bezalaxe, orri hauetan, maitasun istorioa dirudiena beldurrezko kontakizun bihurtuko da. Gezurra, izua, mendekua eta ankerkeria ohikoak izango dira, harik eta bakoitza bere bakardadea gainditzera ausartuko den arte.