Aurreko hilabeteetan nekez lanean aritu eta gero, 100 da 100... Berrehun Euskara Taldeak eta Astigarragako Udalak batera, erronka bota zieten herritarrei aurreko larunbatean: astebetez euskerari eusteko, prest?
200 astigartar inguruk onartu zuten desafioa eta esan dute Nirekin, bai! (aurtengo leloak dioen moduan). Horiek, hain zuzen, «euskera hutsez bizitzeko esperientzia pertsonala» hartzea erabaki dute, aurreko larunbatean bertan hasi, eta bihar arte iraungo duena.
Ez dute, gainera, nolanahi bukatuko erronka berezi hau, izan ere, bihar, Euskeraren Egunean egingo dute bukaera ekitaldia festa-giroan. Eguerdiko 13:00etan emango diote hasiera, Joseba Barandiaran plazan.
Denetarik izango da bertan: hasteko, argazki murala egingo dute partehartzaileek bidalitako selfie eta taldeko argazkiekin; musika ere izango da Xabier Urdangarin eta Ibon Otaegiren eskutik, eta gaztain erreak dastatu ahal izango dira, hotzari aurre egiten laguntzeko.
Horrez gain, antolatzaileek erronkari eta euskerari buruzko datuak eskainiko dituzte, eta bukatzeko, datorren urteko erronka aurkeztuko dute; Euskal Herri osoan egingo dena: Euskaraldia.
Aurretik, ordea, badago beste zita bat: goizeko 11:30etan irristaketan ibiltzeko aukera izango dute Astigarragako familiek. Txomiñenea frontoian izango da, eta parte hartzeko baldintza bakarra jarri dute: ondo babestua egotea.
«Berotze-lana», hurrengo urtera begira
Aurreko urtean antolatu zuten aurrenekoz ekimena, eta aurten errepikatu dute, 2018ko erronkan begiak jarrita: «aurreko urteko esperientziaren ondoren, aurtengoa berotze-lana bezala egitea erabaki dugu, datorren urtekoaren berri bageneukan eta!», azaldu dute antolatzaileek. Nahiz eta desberdina izan, kontuan hartu dute «aurtengoak ez diola kalterik egingo datorren urtekoari».
Lan horietan, hain zuzen, 200 astigartarrek eman dute izena: «kopurua iazkoa bezalakoa bada ere, 80 lagunek bakarrik errepikatu dute, beraz, lortu dugu nolabait jende berriarengana iristea». Izan ere, hori da antolatzaileen kezka nagusia: «zailena da jendearengana iristea, baina egiten ez baduzu, jendea erakartzea oraindik eta zailagoa da».
«Askotan inertziaz jokatzen da, eta bigarren hitza ez badizu euskeraz egiten, segituan aldatzen dugu gaztelaniara; ez dakigu zergatik!»
«Astigarragan probabilitatea altua da herritar bati euskeraz egin, eta berak ulertzeko»
Horrela, baita ere, erakunde publiko eta euskera elkarteen kezkarekin bat egiten dute: euskeraren erabilera sustatzea da, egun, helburu nagusia.
Kasu honetan, datuei erreparatzen diote: «azkeneko datuen arabera, Astigarragan %60ak euskeraz badaki, eta %23ak ulertzen du, beraz, probabilitatea altua da herritar bati euskeraz egin, eta berak ulertzeko».
Kale erabileraren zifrak, ordea, kezkagarriagoak dira: «Astigarragan kale erabilera %38koa da, hau da, gure aukeren oso azpitik dago».
Hori dela eta, horrelako erronkek balio haundia dutela aldarrikatzen dute: «horrelako ekimenek txipa aldatzea dakarte, ausardiaz jokatzera bultzatzen zaituzte». Izan ere, «askotan inertziaz jokatzen da, eta bigarren hitza ez badizu euskeraz egiten, segituan aldatzen dugu gaztelaniara; ez dakigu zergatik!»