«Ulertzea ere bada hizkuntza erabiltzeko modu bat»

Kronika - Erredakzioa 2017ko abe. 2a, 01:00

Euskerak «koska bat gora» egiteko helburuarekin, urtebeteko erronka bo­tako die Euskara Ari Du ekimenak gaur Hernaniko herritarrei. Auzkez­pena, beraz, gaur egingo da, bihar Euska­raren Eguna dela aprobetxatuz. Tilo­setan egingo dute eguerdiko 12:30etan hasita; euria egiten badu, ordea, Mila­grosako kaperan burutuko dute.
Aurreko urteko egitasmoak sor­tu­tako «ilusioak» animatuta, herritar talde batek pasa den urteko ekimenari jarraipena ematea erabaki du, eta 2018 urte osoan zehar luzatuko den desafioa izango da honakoa. Euskera Ari Duko Juanmari Larrartek, Axun Larburuk eta Joxe Artolak Kronikari aurreratu diotenez, «hizkun­tza ohitura aldatzea» pro­posatuko da oraingo honetan.

Gaurko ekitaldiak, hiru zati
Ohitura hori aldatzea gonbidatzeko, ekitaldi berezia egingo dute gaur, hiru zati izango dituena. Aurreneko zatia bisualena izango da; Axpik egingo du eta sei herritarren laguntza­ izango du, horretarako. Herritar bakoitzak erron­ka bat hartuko du datorren urtera be­gi­ra, eta muralean idatziko du. Ondoren, bigarren zati batean, publikoari tantak banatuko zaizkio, eta azkenik, argazki erraldoia egingo da, ekimenaren in­darra irudikatzeko. 

Ekimen iraunkorreko proposamena
Pasa den urteko ekimenean 6 aste euskeraz bizitzeko deia egin zuten. Hel­burua zen «euskaldunek euskeraz bizi­tzeko aukerak badituztela eta euskeraz bizitzeko aukera uste baino haun­diagoa dela ikusarazi edo sen­tiaraz­tea», adierazi dute ekime­naren hiru kideek. Ekimenak harrera ona izan zuen, eta baita arrakasta ere.
Baina nola gainditu ekimen edo kanpaina puntualak egin eta euskera erabiltzera eta ikastera bideratuko duen ekimen soziala? Bada, iraun­kortasuna bilatu nahi duen egitasmo bat planteatuz. 
«Erronka luze honekin, etena hautsi nahi da; aurreko urteko sei astetako jarraipena izan nahi du», dio Euskara Ari Duk. 
Eta hortik aurrera, «bidea luzatzea da helburua; herritarren bizitzan egonkortzea nahiko genuke, euskeraz egitea ohitura bat bihurtuz eta kan­paina baten baitan gaudela ahaztuz».

Urtebetez, «hizkuntza-ohiturak aldatzea» proposatuko du gaur Euskara Ari Du ekimenak 2018ko erronkaren aurkezpen ofizialean.

Hernani, aitzindari
Ideia berritzailea da, beraz, Euskara Ari Du elkarte sortu-berriak herritarrei gaur eskainiko diena: «Hernani izan­go da aitzindaria Euskal Herrian». Beraz, aurreneko aldiz proposatuko da horrelako erronka bat.
Aurreikusitakoaren arabera, urta­rrila bukaera, otsaila hasiera aldera aurkeztuko dituzte euskerari eutsiko dioten aurreneko 100 hernaniarrak. Eta ordutik aurrera, hilero-hilero lekukoa aldatzen joango dira: «hasieran, 100 lagun izango dira, eta hilero beste 100 batuko dira; hortaz, abenduan 1.200 hernaniar arituko dira desafio pertsonal honetan».
«Apustu» gisa deskribatu dute Euskara Ari Du egitasmoa osatzen du­te­nek, eta «dibertigarria» izatea espero dute.
Erronkari nolabaiteko ikusgarri­tasuna eta bizitasuna emateko, aurre­ko urtean bezalaxe, lekuko­tasuna esku batetik bestera pasatzeko ekitaldiak egingo dira, baita ere.

Norbanakoen desafioa
2018rako aurkeztu duten erronka, «norbanakoen desafioa» izango da; iaz taldeek, familiek, koadrilek... parte hartu zuten, baina oraingoan, espe­rien­tzia pertsonaltzat hartuko da. «Ohitura batzuk aldatzea da kontua; bakoitzak erabakiko du noiz eta zer egin dezakeen horretarako», azpima­rratu zuten. 
Eta dei berezia egin nahi diete hitz egin ez, baina euskera ulertzen du­te­nei; izan ere, «ulertzea ere bada hizkuntza erabiltzeko modu bat».
Horren bueltan, nabarmendu zuten, egun gehienek «pentsatzen dugula erderaz egiten duenak, ez duela eus­keraz ulertzen». Hain zuzen, iner­tzia horiek hausteko deia egiten dute.

Ikastaroak, ekintzak... denetarik urtean zehar
Bestalde, «herrian mugimendua» sor­tzea nahi du ekimenak, hori dela eta, otsa­ile­tik aurrera, beste hainbat ekin­tza burutzeko asmoa ere azaldu dute: ikastaroak, ekintza desberdinak...

Euskaraldiarekin, bukaera urteko erronkari
Honekin guztiarekin Hernanik beste pausu bat eman nahi du euskeraren erabileran, urte osoko erronka hone­kin. Eta buka­tzear denean, hain zuzen, Euskal Herri osoan hedatuko den Euskaraldiarekin egingo du bat. l

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!